NAIZ

Indarkeria matxistaren biktimek etxebizitza duina lortzeko duten zailtasuna salatu dute

Barakaldoko indarkeria matxistaren biktimentzako aldi baterako baliabidean ostatu hartzen duten emakumeek etxebizitza duin bat eskuratu ahal izateko urte erdia baino gehiago itxaron behar dutela salatu du elkarretaratze batek.

Indarkeria matxistaren biktimek etxebizitza duina lortzeko duten zailtasuna salatu dute Argitan eta Berri Otxoak taldeek.
Indarkeria matxistaren biktimek etxebizitza duina lortzeko duten zailtasuna salatu dute Argitan eta Berri Otxoak taldeek.

Argitan emakumearen aholkularitza zentroak eta Berri-Otxoak gizarte bazterketaren aurkako plataformak Barakaldoko indarkeria matxistaren biktimentzako aldi baterako baliabidean ostatu hartzen duten emakumeek etxebizitza duin bat eskuratu ahal izateko urte erdia baino gehiago itxaron behar dutela salatu dute elkarretaratze baten bitartez.

Bi elkarteek adierazi dutenez, indarrean dagoen araudiaren arabera, erakunde publiko eskudunek, Udalak eta Lakuako Gobernuak, lehentasunez eta premiaz beste bizileku bat eskaini behar diete emakume horiei, «are gehiago emakume horiek baliabide ekonomiko propiorik eta etxebizitzarik ez dutenean».

Azaldu dutenez, aldi baterako baliabide horretan adingabeak dituzten eta etxegabetze bat jasan duten emakumeak daude. «Beraz, emakume horien egoerak indarkeria matxista jasaten duten emakumeak babesten dituzten eskubideak eta legedia sistematikoki urratzen direla erakutsi du», gaineratu dute.

Gainera, kritikatu dutenez, biktima horientzako etxe baliabidearen kokapena ez da txandakakoa eta, «beraz, emakume horien egonaldia mugarik gabe luzatzeak haien segurtasuna urratzen du».

Argitan eta Berri-Otxoak elkarteek Barakaldoko Udalari eta Lakuako Gobernuari eskatu diete bete dezatela indarkeria matxistaren biktima izateagatik aldi baterako zentroetan dauden emakumeei lehentasunezko eta premiazko bizilekua ematea agintzen duen araudia.