NAIZ
GASTEIZ

Sahararen askatasunaren aldeko martxak asteburuan iritsiko dira Gasteiz eta Nafarroara

Saharako gatazka konpondu eta autodeterminazio eskubiderako erreferenduma onartu dadila eskatzeko, asteburuan Araban eta Nafarroan zenbait ekimen egingo dira Askatasunaren aldeko martxen baitan.

Sahararen askatasunaren aldeko martxen baitan antolatutako ekimenak aurkeztu dituzte Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Sahararen askatasunaren aldeko martxen baitan antolatutako ekimenak aurkeztu dituzte Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Euskal Herriko zenbait herri zeharkatu ostean, Sahararen Askatasunaren aldeko martxa larunbatean iritsiko da Gasteizera. Herritarrei Olarizu mendira antolatu den igoeran parte hartzeko deia egin diete. 1100etan abiatuko da Olarizu Hiribidetik. Ekimen nagusia ordea, igandean, ekainak 6, egingo da. Ordu berean hasiko da Bilbao plazatik, arabako hiriburuko kaleak jai giroan gurutzatu asmoz.

Martxa hauen erreleboa Gaztela-Leonek hartuko du eta hau irudikatzeko, igandean bertan, 16:45ean, Mariturriko bulevarretik Miranda Ebrora auto karabana bat antolatuko dute.

Nafarroan, aldiz, lau etapa eginen dituzte. Bihar, ekainak 4, Berriozar eta Iruñea lotuko dituzte. Larunbatean, berriz, nafar hiriburutik Gareserainoko bidea eginen dute. Igandean, bertatik Lizarra abiatuko dira eta, azkenik, astelehenean, Lizarratik Los Arcoseraino joanen dira.

Gasteizen egin duten agerraldian azaldu dutenez, martxa hauek «ekintza zuzena eta ez-bortitzaren logikatik» jaio ziren, «saharar herriaren borroka aldarrikatzeko eta sahararrek pairatzen duten hainbat hamarkadatako okupazioa, giza eskubideen urraketa eta beren baliabideen ustiapena larria ikusarazteko».

Zentzu horretan «Saharar Herriak eta bere ordezkari legitimoak, Polisario Fronteak, Marokoko indar armatuen ageriko eraso armatuaren aurrean, berriz ere defentsa legitimoa» egin behar izan dutela nabarmendu dute.

Espainiar Estatuari ere zuzendu zaizkio, «Mendebaldeko Sahararen potentzia administratzaile gisa duen erantzukizuna» betetzea esaktuz, «saharar herria deskolonizatzeko prozesuari amaiera emateko». Honela, saharar herriak duen «subiranotasun besterenezina, baldintzarik gabea eta etengabea haren aireko, itsasoko eta lurreko lurralde osoan», hala nola «haren aberastasun eta baliabide naturalen gainean» aitortzea eskatu dute.

Madrilgo Gobernuari «beste alde batera begiratzea» leporatu diote, eta Marokorekin, aldi berean, «ekonomia, migrazio edota segurtasunaren inguruko akordioak» sinatzea leporatu. «Azken horrek, bien bitartean, modu nabarmenean urratzen du nazioarteko legedia», gaineratu dute.