Asier Aiestaran

Alejandro Valverdek maisutasunez irabazi du Dauphineko seigarren etapa

Movistar taldeko beteranoak argi utzi du oraindik ere txirrindulari azkarra dela eta, 41 urte izan arren, aise menderatu ditu beste faborito guztiak. Alexey Lutsenko lider ipini da eta Ion Izagirre bigarren dago zortzi segundora, mendiko azken bi etapa erabakigarrien faltan.

Alejandro Valverde garaile izan da Dauphineko seigarren etapan (Alain JOCARD / AFP)
Alejandro Valverde garaile izan da Dauphineko seigarren etapan (Alain JOCARD / AFP)

Alejandro Valverde beteranoak irabazi du Dauphineko seigarren etapa, mendiko lehena, 168 kilometro Loriol-sur-Drome eta Le Sappey-en-Chartreuse artean. Helmuga hirugarren mailako mendatearen gainean zuten, garaipena hogei bat laguneko taldetxoan jokatu dute, eta Valverdek argi utzi du 41 urte izan arren horrelako amaieretan dagoen txirrindulari onenetako bat dela.

Euskaldunbei dagokienez, Ion Izagirre faboritoen taldetxoan sartu da eta Lukas Postlberger liderra atzean geratu denez, sailkapen nagusian bigarren ipini da, lider berria den Alexey Lutsenko taldekidearengandik zortzi segundora. Hirugarren Wilco Kelderman (Bora) dago 12 segundora eta Geraint Thomas (Ineos) laugarren 13ra.

Movistarrek egindako lan onaren errematea izan da Valverderen garaipena. Jumbo, Ineos edota Astanarekin batera, Movistarrek lan asko egin du eguneko ihesaldi jendetsua kontrolpean izan eta etapa garaipena tropeleko oilarren artean jokatu zedin.

Lehenik Carlos Verona izan da hainbat kilometrotan tropeletik tiraka jardun dena, eta behin azken mendatean sartuta, Miguel Angel Lopez izan da erritmoa bizitu eta erasoak zaildu dituena. Kolonbiarra hamargarren dago sailkapen nagusian, proba irabazteko faboritoetako bat da, bakarka aurrera egiten ere saiatu da azken txanpa horretan, baina kontrolpean zutela ikustean ez du bi aldiz pentsatu Valverderen mesedetan lan egiteko.

Lopezen antzera, azken bizpahiru kilometroetan beste faborito batzuk ere saiatu dira tartea egiten. David Gaudu (Groupama), Tao G. Hart (Ineos) eta Sep Kuss (Jumbo) izan dira erasoan saiatu direnak, baina inork ez du lortu bere helburua. Tao bera berriz saiatu da azken 300 metroetan sartuta, baina Valverdek maisutasunez hartu dio distantzia egokia eta azken 150 metroetan aise menderatu du iazko Giroaren irabazlea.

«‘Superman’ Lopezek galdetu dit ea erritmoa jarriko zuen inork aurrera ez egiteko eta baietz esan diot. Sekulako lana egin du. Taoren erasoa gogorra izan da, baina kontrolpean izan dut eta behin helmuga ikusi dudanean aurrea hartzeko gai izan naiz. Garaipena oso berezia da niretzat, baina adin honekin dena da berezia, onenen artean egotea bera ere bai», adierazi du Valverdek etapa amaieran.

Craddock, ihesaldiko indartsuena

Amaiera horren aurretik, 14 txirrindularik osatutako ihesaldia izan da etapari pizgarria ipini diona. Sailkapen nagusian ondoen kokatuta zegoen gizona Greg Van Avermaet (Ag2r) zen baina Col de Porte mendate gogorrean gora atzean geratu da flandriarra. Aldiz, Lawson Craddock (EF) izan da aurrera egin eta mendate gaina lasterketa buruan bakarrik igaro duena.

Aldeak oso txikiak ziren ordurako, minutu erdi eskas tropelarekiko, eta azken aurreko mendatean, Col de la Frette gainean, 15 segundora jaitsia zen. Azken igoeran amaitu da ihesaldia, Louis Mentjesen lehen mugimenduarekin batera.

Azken bi etapa erabakigarriak

Dauphine asteburuan erabakiko da mendiko bi etapa nagusiekin, eta ea Ion Izagirre zer moduz moldatzen den. Larunbatean La Plagne mailaz kanpoko mendatean (17,1km %7,5era) amaituko da 171 kilometroko etapa, aurrez Col du Pre (12,6km %7,7ra) eta Cormet de Roselend (5,7km %6,5era) igoz.

Igandeko azken etapak 147 kilometro ditu eta helmugatik 17 kilometrora Joux Plane (11,6km %8,5era) pasako dute, aurrez, besteak beste, Col de la Colombiere (11,7km %5,8ra) ere igota.

Dauphine - Seigarren etapa
1. Alejandro Valverde (Movistar)    3:52:53
2. Tao Geoghegan Hart (Ineos)    d.b.
3. Patrick Konrad (Bora)    d.b.
4. Wilco Kelderman (Bora)    d.b.
5. Enric Mas (Movistar)    d.b.
6. Sep Kuss (Jumbo)    d.b.
7. Alexey Lutsenko (Astana)    d.b.
8. Jack Haig (Bahrain)    d.b.
9. Ben Hermans (Israel)    d.b.
10. Steven Kruijswijk (Jumbo)    d.b.
15. Ion Izagirre (Astana)    d.b.
67. Oscar Rodriguez (Astana)    8:12ra
76. Imanol Erviti (Movistar)    8:43ra
125. Alex Aranburu (Astana)    15:41era

Dauphine - Nagusia
1. Alexey Lutsenko (Astana)    20:52:16
2. Ion Izagirre (Astana)    8ra
3. Wilco Kelderman (Bora)    12ra
4. Geraint Thomas (Ineos)    13ra
5. Ilan Van Wilder (DSM)    13ra
6. Richie Porte (Ineos)    15era
7. Patrick Konrad (Bora)    27ra
8. Jack Haig (Bahrain)    34ra
9. Steven Kruijswijk (Jumbo)    39ra
10. Miguel Angel Lopez (Movistar)    42ra
11. Aurelien Paret-Peintre (Ag2r)    50era
12. Ben Hermans (Israel)    51ra
13. Ben O’Connor (Ag2r)    56ra
14. Tao Geoghegan Hart (Ineos)    57ra
15. Damien Howson (BikeEx.)    59ra
16. David Gaudu (Groupama)    d.b.
57. Alex Aranburu (Astana)    16:45era
70. Oscar Rodriguez (Astana)    22:13ra
91. Imanol Erviti (Movistar)    30:30era