Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA

Mugak zeharkatu nahian hil diren etorkinen familiei bilaketa errazteko gida

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak «Mugen biktimen senideentzako gida» aurkeztu berri du, ibilbidean hil edo desagertzen diren etorkinen senideei eta hurbilekoei bilaketa prozesua errazteko. Estatuek pertsonak bilatzeko betebeharra dutela nabarmendu du.

Fuerteventurara pasa den apirilaren 6an iritsitako etorkin bat anbulantzian eramaten (EUROPA PRESS)
Fuerteventurara pasa den apirilaren 6an iritsitako etorkin bat anbulantzian eramaten (EUROPA PRESS)

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Mugen biktimen senideentzako gida” eta “Memoria migratzailea eraikitzen” txostena aurkeztu ditu «mugen biktima diren senitartekoei eta familiei bilaketa lana nolabait errazteko, topatuko dituzten oztopo ugariei aurre egiteko estrategiak ahalbidetzeko».

«Oso mingarria eta zaila da askotan familiei argitasun pixkatxo bat ematea. Itsasoan edo migrazio ibilbideetan desagertzen direnen gaineko informazioa biltzea lan zaila da. Senideen eskubideak etengabe urratzen dituzte, egoera zaurgarrian egonda ere. Estatuek desagertutako pertsonak bilatzeko lege betebeharra dute, baita beste herrialde batzuekin koordinatzeko ere; horixe esaten diegu beti familiei. Eta bilaketa ahalik eta azkarren egiteko eta eraginkorra izan dadin, ezinbestekoa da salaketa bat aurkeztea, hori beti egin behar den tramite bat da», nabarmendu du.

«Hobi komunak, gerran bezala»

Aurkezpenean izan ziren Helena Maleno, Caminando Fronterasen bozeramailea; Fernando Serrulla, Espainiako Antropologia eta Odontologia Forentsea Elkarteko (AEAOFeko) presidentea; Elisa Cabrerizo, Patologiako arduraduna Granadako Medikuntza Legalaren Institutuan; Marta Lopez Sarroca, desagertu baten koinata, eta Amir Hacini, Aljeriako familien ordezkaria.

Serrullaren hitzetan, «egiaren, justiziaren eta ez-errepikapenaren printzipioak administrazioaren eremu guztietan presente egon beharko lirateke. Identifikatu gabeko etorkinen gorpuak hobi komunetan lurperatzea izugarrizko axolagabekeria da, Gerra Zibilaren biktimekin gertatutako egoera bera errepikatzen ari da. Banan-banan lurperatu beharko lituzkete, bakoitzaren erregistroa eginez, momentuan identifikazioa posible ez bada, gerora egin ahal izateko».

«Itsasoan hiltzen direnen kasuan, gure eginbeharra gorpua azaltzen denean hasten da. Horiek identifikatzea berebizikoa da familientzat; eta forentseak garen heinean, eskubideen defentsa gure egin behar dugu. Heriotzaren ondorengo datuak ditugu, baina heriotzaren aurrekoak falta zaizkigu eta horiek senideek dituzte. Datu horiek ez badira partekatzen eta kontrastatzen, ezin dugu jakin nor zen hildako pertsona», azaldu zuen Elisa Cabrerizo forentseak.

2.107 desagertu iaz

Senide gisa, Lopez Sarrocak bilaketa zein zaila den mahaigaineratu zuen: «Gizarte mugimenduei esker, hondoratzetik bizirik atera zen etorkin batekin hitz egin ahal izan genuen eta berak esan zigun Maissa, nire ezkon-neba, hondoratu egin zela. Nire koinatuaren familiak urtebete behar izan zuen hilik zegoela barneratzeko, ez zela gehiago itzuliko. Lekukotasun horri esker, dolu zeremonia bat egin ahal izan genuen. Duela lau urte desagertu zen, baina urtero hiru eguneko dolua egiten dugu. Den-dena zailagoa da gorpurik ez dagoenean, zeren beti agertuko den esperantza txiki bat gelditzen da».

«Etsita, familiek edozer egiten dute senideak bilatzeko. Nahiago dituzte bizirik aurkitu, noski, baina haien gorpuak ere berreskuratu nahi dituzte», gaineratu zuen Hacinik.

Caminando Fronterasen erregistroaren arabera, 2020an 2.107 pertsona desagertu ziren Mediterraneoan, Estatu espainolera iritsi nahian. Soilik 88 gorpu aurkitu zituzten.

Aipaturiko gidak familiek beren buruari egiten dizkioten galderei erantzuna eman nahi die, esaterako: zergatik salatu, non jarri salaketa, nork ipini dezake salaketa, nora jo laguntza eske, zer egin gorpua azaltzen bada. Sor daitezkeen arazoei aurre egiteko estrategiak ere proposatzen ditu. «Pertsonaren jatorrizko estatua behartuta dago bizirik ikusi zuten azken herrialdeko agintariekin edo ustez egon daitekeen herrialdearekin harremanetan jartzera. Zure senidearen jatorrizko herrialdeari, desagerpena gertatu den herrialdeari edo mugakide diren herrialdeei bilaketa aktibatzea exijitu diezaiekezu. Estatu guztien arteko koordinazioa ere exijitu dezakezu. Horretarako, baina, desagerpena salatu egin behar da, agiri batean jasota gera dadin. Salaketa komisarian edo epaitegi batean jar daiteke, ez da beharrezkoa desagerpena gertatu den herrialdera bidaiatzea. Muga zeharkatu nahian desagertu direnen kasuan, jatorrizko herrialdean eta pertsona horrek heltzea helburu zuen herrialdean ipin daiteke. Desagerpena gertatu den herrialdeetako kontsulatuan salatzeko aukera ere badago. Edonork jar dezake salaketa, bai senideek bai hurbilekoek. Soilik nortasun agiria eta bildutako informazio guztia aurkeztu behar da. Poliziak beste agiriren bat eskatzen badizu, ez da derrigorrezkoa», azaltzen du gidak. Bigarren pertsonan idatzita dago.

Iturri fidagarrietara jo

Nora jo?: «Tamalez, desagertutako pertsonak migratzaileak direnean, estatuek ez dute bilaketa egiteko duten beharra betetzen. Horregatik, gomendagarria da senideek gizarte mugimenduen eta komunitateen sostengua edukitzea, haien aholkularitza jasotzea. Esperientzia handia dute eremu horretan. Salaketa ipintzeko momentua oso mingarria da. Ez baduzu hizkuntza menderatzen edo administrazioa ezagutzen, hobe norbaiten laguntza izatea. Hilik agertzen bada, identifikazioa egiteko laguntza beharko duzu, baita ondoren lurperatzeko ere edo gorpua aberriratzeko».

Prozesu horretan, iruzurren, informazio faltsuen edo xantaien biktima ez izateko, gizarte mugimenduen eta komunitateen sostengua funtsezkoa dela adierazi du Caminando Fronterasek: «Zoritxarrez, pertsona eta erakunde batzuek informazio faltsua ematen diete familiei, bai onura ekonomiko bat ateratzeko, bai ezjakintasunarengatik edo ez direlako gai albiste txar bat emateko. Horrelako egoerak ekiditeko, problematika gordin hau ondo ezagutzen duten eta erreferente diren erakunde fidagarrien aholkularitza izatea oso gomendagarria da».

Memoria ezabatu nahian

F.M desagertutako adin txikiko baten ama da. Ondorengoa bere testigantza da: «Bizirik dagoela esan didate. Atxilotu egin zutela droga eramaten zuelako. Cadizen dagoela eta 60 egun pasatu behar direla dei bat egin ahal izateko. Ez nekien drogarena, akaso lagun batena izango zen, nire semearena ez. Zazpi egun falta dira deitzeko». Ez zuen inolako deirik jaso, eman zioten informazioa faltsua zelako.

«Mendebaldeko Muga Euro-afrikarrean intentsitate baxuko gerra bat bizi da, heriotzak eta desagerpenak eragiteaz gain, horiek isilarazten dituzte, ikusgaitz egiten dituzte. Mugaz gaindiko zirkuitu honetan heriotza eta desagerpena errentagarriak bilakatu dira, negozioa dira. Jatorrizko igarotze eta helmugako herrialdeak dira errealitate honen arduradunak. Eskubide guztiak ukatu dizkieten pertsonen memoria ezabatu nahi dute, eta horrek biktimarioak babesten ditu eta egoerak bere horretan segitzea ahalbidetzen du. Jatorrizko herrialdeetan politika neokolonialek indarrean jarraitzen dute, europar aberatsekiko mendekotasuna agerikoa da eta mendekotasun horrek harreman bilateralak baldintzatu ditu, baita mugen gaineko kontrola ere. Jatorrizko herrialdeek ez dute interesik desagertuen gorpuak eskatzeko, ezta familiei laguntzeko ere. Mugetan gertatzen ari diren heriotzak eta desagerpenak normaltzat jo eta ikusgaitzak dira: biktimen eskubideekiko estatuen axolagabekeria justifikatzeko balio du», kritikatu du GKEak “Memoria migratzailea eraikitzen” txostenean.

Ikerketa honetan salaketa jartzeko topatzen dituzten oztopoak egiaztatu ditu. Batzuetan, gainera, poliziak berak familiak atzera botatzen ditu. Hona adibide bat: «Italiatik etorri naiz nire errainaren anaiaren berri izateko. Inon ez didate erantzunik ematen. Poliziarengana joan naiz salaketa jartzera, baina ezin nuela esan didate, senidea ez naizelako. Esan diet nire erraina oso gaztea dela, haurdun dagoela, ezin diola hainbeste arazori eta minari aurre egin eta horregatik ni etorri naizela haren ordez. Ez didate kasurik egin eta garrasika amaitu dut. Emakume zaharra naiz eta nire izaera dut, noski. Orduan, molestatzen jarraitzen banuen zergatik bilatzen dudan, legez kanpoko paterari buruz zer-nolako informazioa nuen galdetuko zidatela esan didate. Mehatxatu egin naute baina nire horretan jarraitu dut, haserre. Ume baten bila nabil, patera horretako asko desagertu egin ziren, akaso hilik dago. Italiatik Kanarietara etorri naiz… ez dut inor ezagutzen. Errainari Caminando Fronterasen telefonoa eman zioten eta haiei deitu diet laguntza eske».

Gobernuz kanpoko erakundeak ohartarazi duenez, salaketak oztopatzeak «garrantzi handiko» bi ondorio ditu: «Familiari justiziarako sarbidea ukatu egiten zaio heriotzaren edo desagerpenaren arduradunak aurkitzekotan, eta mugen testuinguruan gerta daitezkeen desagerpen behartuak, atxiloketak eta bahiketak ikertzea galarazi egiten du».

Desagerpenak mugaz gaindikoak izateak bilaketa lanak are gehiago zailtzen ditu. Ibilbidean, migratzaileek benetako nortasuna ezkutatu egiten dute batzuetan; hori dela eta, lehenengo identifikazioa okerra izan daiteke. Horri aurre egiteko estrategia: «Ezinbestekoa da familiak ahalik eta informazio gehien ematea; argazkiak, datu fisikoak, nola zegoen jantzita, berarekin zihoazenen datuak».

Migrazioaren kriminalizazioaz gain, familiak errudun sentiarazten dituzte. «Hildakoaren eta senideen eskubideak bigarren mailan gelditzen dira, mugen gaineko kontrola eta zigorra beste edozein ikuspunturen gainetik jartzen dituzte. Ekinbide administratiboak ez daude bideratuta biktimari buruzko informazioa lortzera, ezta familien eskubidea bermatzera ere. Herrialdeen arteko koordinazio eta borondaterik ezaren ondorioz identifikatu gabeko gorpu mordoa gorputegietan pilatu egiten dira eta hobi komunetan lurperatzen dituzte ikerketa formalik egin gabe. Familiek eta lekukoek beldurra dute ez ote dituzten errepresaliak jasoko hitz egiten badute. Pertsona bizirik zegoeneko datu baliagarri asko galdu egiten dira», nabarmendu du.

«Desagertuak bilatuak izateko eskubidea du; hil egiten direnek identifikatuak izateko eskubidea dute eta beraien sinismenen arabera lurperatuak izateko eskubidea; senideek desagerpena salatzeko eskubidea dute, baita bilaketak irauten duen bitartean informazioa jasotzeko eskubidea ere. Mugen biktima gisa aitortuak izateko eskubidea dute, desagerpenak ez baitio soilik kalte egiten familiari, baizik eta komunitate oso bati eragiten dio», laburbildu du Caminando Fronterasek gidan.