Jon Ormazabal

Konpromisoa aukera bihurtzen ederki asmatu du Peio Etxeberriak (22-7)

Partidaren lehen zatian Egiguren V.ak estutu badu ere, Zenotzekoak bere tranpan harrapatu du azpeitiarra eta honek ez du ihesbiderik topatu ahal izan.

Peio Etxeberriak merezitako txapela jantzi du Labriten. (Iñigo URIZ/FOKU)
Peio Etxeberriak merezitako txapela jantzi du Labriten. (Iñigo URIZ/FOKU)

Lehen mailako txapelketan parte hartzeko aukera kendu ostean, konpromiso handi xamarra jarri zion Aspek Peio Etxeberriari Promozio mailako txapelketa jokatu arazten. Aurkezpen egunetik aurrelari nafarra izan da txapela janzteko faborito bakarra, garaipena ez zen guztia porrota izango zen lehen mailan final laurdenak ere jokatuta dituen pilotari batentzat eta horrela aritzea batere erraza ez den arren, kantxan erakutsi du Etxeberriak promozio maila txiki geratzen zaiola. Hurrengo urtean lehen mailan arituko da, Buruz Burukoa final hamaseirenetan hasten bada zuzenean eta, aurten bezala lehen kanporaketa final zortzirenetakoa balu, gutxienez atarikoa jokatzeko aukerarekin.

Zubizarreta eta Salaberriaren aurka aurreko bi kanporaketetan egin bezala, finalean ere Julen Egiguren baino askoz egindakoago pilotaria dela erakutsi du ultzamarrak finalean. Aurreko astean goizuetarraren aurka bezala, partidaren lehen zatian eutsi dio azpeitiarrak, lehen hiru tantoetan (2-1) 65 pilotakada ere jo dituzte, baina gero, pixkanaka-pixkanaka Zenotzekoa kantxan erabat nagusitu da.

Material egunetik biek ere argi esana zeukaten partidaren erritmoa jartzen asmatzen zuenak asko izango zuela irabazia eta kantxan ere halaxe gertatu da. Saiatu da gipuzkoarra jokoa pausatzen, arerioa zuzen jokarazten eta 4-3kora arte, sakea lagun, nola hala moldatu da, baina azkenerako Peio Etxeberriak bere zepoan harrapatu du.

Erantzunik gabe

Pilota oso bizi erabili du nafarrak, pausua beti aurrera emanda, presio handia sartu dio azpeitiarrari eta honek ez du tranpa horretatik irteteko modurik topatu. Sahieska jokatzera behartu du gehienean eta Egigurenek ez du aurkaria goitik pasatzen asmatu. Bi urte zaharragoa izanda, fisikoki zailduagoa ere bada Etxeberria eta partidak aurrera egin ahala bere nagusitasuna geroz eta handiagoa izan da. Sakez bi falta egin baditu ere, lehen pilotakadarekin ere mina egin dio nafarrak gipuzkoarrari, honek zalantza dezente izan baititu atzean itxoin edo airearen bila joaterakoan.

Hori bai, 21 urterekin bi final jokatuta, bere buruarekin poz egoteko motiborik ere badu azpeitiarrak, abenduan Elordiren aurka jokatutako kaiolako finalarekin alderatuta, gaur lan handiagoak eman baitizkio Peio Etxeberria bezalako mailako pilotari bati. Defentsan ondo aritu da azpeitiarra, baina Peio Etxeberria bezalako aurkari baten aurka ez dago partidak defentsan irabazterik, partidaren agintea lortzea erabat beharrezkoa da eta gaur ezinezkoa egin zaio erabat.

FITXA TEKNIKOA:

Peio Etxeberria: 22

Egiguren V.a: 7

Pilotakadak: 209. Iraupena: 48 minutu. Markagailua: 2-0, 2-1, 4-1, 4-3, 8-3, 8-5, 12-5, 12-7,  22-7. Sakeak: 5 (2 falta) Peio Etxeberriak eta 2 (falta 1) Egiguren V.ak. Tantoak: 9 Peio Etxeberriak eta 2 Egiguren V.ak. Hutsak: 1 Peio Etxeberriak eta 7 Egiguren V.ak.  Gorabeherak: Promozio mailako finala Iruñeko Labriten jokatu da, publikorik gabe. Joseba Ezkurdia aritu da Peio Etxeberriaren botilero lanetan eta Jon Egiguren bere seme Julenekin.