NAIZ

Alde Zaharreko hezkuntza eskaerei bizkarra ematea egotzi die LABek EAJri eta PSEri

LAB sindikatuak Hijas de la Cruz ikastetxeari eta Bilboko Alde Zaharreko hezkuntza eskaerei «bizkarra ematea» leporatu die EAJri eta PSEri, «zentroa ixtea onartu eta, nolabait, babestu dutelako».

Hijas de la Cruz ikastetxearen itxieraren aurkako LABen elkarretaratzea.
Hijas de la Cruz ikastetxearen itxieraren aurkako LABen elkarretaratzea.

LAB sindikatuak Hijas de la Cruz ikastetxearen itxieraren aurrean EAJk eta PSEk izandako jarrera salatu du eta Bilboko Alde Zaharreko hezkuntza eskaerei bizkarra ematea egotzi die bi alderdiei.

Izan ere, astelehen honetan EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ikastetxearen itxierari irtenbidea eman eta Alde Zaharreko euskarazko hezkuntza publikoa bermatzeko Legebiltzarrean aurkeztu dute legez besteko proposamena. Baina azkenean, EAJk eta PSEk moldatutako mozio bat onartu da.

Sindikatuak adierazi duenez, proposamen horren helburua «benetako aukera bat» bilatzea da, familiei eta langileei «konponbide osoa» emateko eta Alde Zaharra eta Solokoetxe auzoen beharrei erantzuteko.

Baina LABek salatu duenez, EAJk eta PSEk «bizkarra eman diote proposamenari, Bilboko Udalean erabili zuten formula bera erabilita, «hezkuntza komunitateak aurkeztutako mozioa baztertzeko».

Sindikatu abertzaleak salatu duenez, EAJk eta PSEk bizkarra eman diote proposamenari. «Izan ere, azkenean onartutako testuan, Legebiltzarrak Hezkuntza Sailari eskatzen dio azter dezala Hijas de la Cruz ikastetxea ixtearen eragina, eta har ditzala behar diren neurriak Alde Zaharreko eta Solokoetxeko ikasleen eskolatze egokia bermatzeko, Hijas de la Cruzeko familia eta langileei eta Alde Zaharreko eta Solokoetxeko auzoei inolako irtenbide eta alternatibarik eman gabe», azaldu du igorritako oharrean.