NAIZ

Nafarroako Gobernuarekin bildu dira greban dauden Electroaceros-eko langileak

Nafarroako Gobernuarekin bildu dira gaur ekainaren 1etik greban dauden Iruñeko Electroaceros enpresako ordezkaritza sindikala. 37 lanpostu suntsitzeko arriskua dagoela eta esku hartzea eskatu diote langileek Nafarroako Gobernuari.

Nafarroako Gobernuaren Lan departamenduaren aurrean elkarretaratzea egin dute langileek. (LAB)
Nafarroako Gobernuaren Lan departamenduaren aurrean elkarretaratzea egin dute langileek. (LAB)

Electroaceros-eko enpresa batzordea, LABeko bi ordezkarik eta ELAko ordezkari batek osatua, gaur bildu da Iruñean Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuko zuzendariarekin, langileek soldata ez kobratzearen eta enpresaren etorkizun ilunaren aurrean duten kezkaren berri emateko eta, ahal den neurrian, egoera hori lehenbailehen konpontzeko esku har dezan eskatzeko, LABek jakitera eman duenez. Ekainaren 1ean greba mugagabeari ekin zioten Iruñeko enpresa honetako langileek.

Enpresa batzordeak, ia langile guztiek astebete greba mugagabean egon ondoren, Nafarroako Gobernuari eskatu dio egoera horretan esku har dezan, «uste baitu ezin dela onartu hainbat hamarkadatan aberastu den Nafarroako enpresa batek 37 lanpostu suntsitzea, eta 50 urtetik gorako langileak egoera larrian uztea».

Electroaceros enpresa Astibia familiarena da, «azken urteotako kudeaketa negargarriaren zuzeneko arduraduna izan den familia». «Enpresa batzordeak behin eta berriz eskatu die jabeei bideragarritasun plan bat egin dezatela enpresan dauden lanpostuak ziurtatzeko; baina beti erantzun izan diote plantillari egindako erasoen ondorioz, langileen lan baldintzak nabarmen okertu nahi zituztenak. Gaur egungo egoerara iritsi arte, soldatak behin eta berriz atzeratzea, azken hilabetea ez ordaintzea eta enpresaren etorkizun ilunaren aurrean ziurgabetasuna izatea», azaldu du LABek.

«Bien bitartean, jabeek irabaziak izaten jarraitu dute, beren jabetzak bermatzen, bai ondasunen autoalokairuen bidez, bai urteko 80.000 eurotik gorako soldata estratosferikoen bidez, bai sozietate kooperatibo bat eratzetik sozietate mugatu batera pasatuz», salatu du sindikatuak.

Mobilizazioekin jarraituz, Electroaceroseko langileek greba mugagabean jarraituko dute eta kontzentrazioak eginen dituzte ekainaren 9, 10 eta 11n, 11:30ean, Agustindarren industrialdeko Soto de Ainzoain kalean, eta auto-karabana bat ekainaren 19an.