NAIZ

Euskal Sagardoa deiturak 1,2 milioi litro prest ditu uda honetan botilan dastatzeko

Euskal Sagardoa deiturak 1,2 milioi litro ekoiztu zituen 2020an, normalean baino dezente gutxiago. Sagardotegi eta sagardogileek une latzak pasa dituzte koronabirusa dela eta. Udan egoera hobetzeko eta sagardo ekoizpenaren zati bat botilan saltzeko asmoarekin kanpaina aurkeztu dute gaur. 

Sagardoaren kontsumoa udan hobetzeko asmoa du gaur Donostian aurkeztu duten kanpainak. (IREKIA)
Sagardoaren kontsumoa udan hobetzeko asmoa du gaur Donostian aurkeztu duten kanpainak. (IREKIA)

Euskal Sagardoa deitura osatzen duten Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 48 sagardogileen 70 sagardo aurkeztu dira, botilan saltzekoak eta 250 sagargileren sagarrekin eginak, guztiak desberdinak eta bakoitza bere nortasunarekin. Uzta txikia izan da kopuruz 2020koa, guztira 1,2 milioi litro sagardo ekoiztu dira bertako bi milioi kilo sagarrekin, aurreko urtearen hirutik bat. Litro horiek udan saltzea da helburuetako bat. Izaera handiko sagardoak dira nagusiki, mamitsuak ahoan eta iraupen luzekoak.

Donostiako Miramar jauregian aurtengo uzta aurkeztu dute, Lakuako Gobernuko ordezkariak, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren arduraduna, Gipuzkoa eta Bizkaiko aldundietako ordezkariak eta ostalariak bertan izan direlarik.

Aurtengo udarari begira baikor da sektorea: jendea bizitza normalera bueltatzeko gogoz dago, ostalaritzan, terrazetan, kanpoan, etxean eta horrek sagardoaren kontsumoa bultzako du. ‘HikNIk’ udako kanpaina aurkeztu da gaur. ‘Hik jatekoa, Nik Euskal Sagardoa’ lelopean espazio zabaletan bertako produktuez eta Euskal Sagardoaz gozatzeko gonbita.

%100 bertako sagarra

Jatorri-deitura urte askotako lanaren emaitza eta etorkizuneko apustua dela nabarmendu dute sustatzaileek, erakunde publikoek eta sagar eta sagardo sektoreak elkarlanean osatzen dute. Euskal Sagardoa zigilua daramaten sagardoek bi ezaugarri nagusi dituzte: %100 bertako sagarrarekin eginak dira eta kalitate-bermea dute.

Azken hilabeteak gogorrak izaten ari dira sagardoaren sektorerako eta ostalaritzaren geldialdiarekin eta sagardotegien murrizketekin, sagardo guztia saldu ezinda gelditu dira sagardotegirik gehienak. Hala ere, udara on baten esperantza bada sektorean, neurriak lasaitu heinean, ostalaritzak lan gehiago egingo baitu eta terrazetan, kanpoaldean nahiz etxeetan sagardo kontsumoak gora egingo du berriz ere. Sektorea ez dago geldirik eta egoera zail hauetan ere aurrera egiteko pausoak eman eta bitartekoak jartzen ari da, gauzak poliki-poliki hobetzen joango direnaren esperantzan.

Eskaintza berezitua

Bisita gidatuak, dastatze bereziak, beste baliabide batzuetara bisita eta ondoren sagardotegian otordua... Eskaintza honen dibertsifikazioan lanean buru-belarri ari da sagardo mundua. Profesionaltasuna eta bertakoaren balioa dira eskaintza honen oinarria, eta baita erreserbak egiteko edo sagardoa erosteko aukera berriak ere: mahaia automatikoki erreserbatzeko aukera eta sagardo botilaren online salmenta. Euskal Sagardoa Route sektorearen agentziak eskaintzen dizkio tresna hauek sagardo sektoreari eta Euskal Sagardoari, agerraldian nabarmendu dutenez.

Beste hainbat sektoretan bezala, galera handiak izan ditu sagardoaren sektoreak 2020ko martxoaz geroztik Ostalaritzako sagardo salmenta eta sagardotegiko bisiten jaitsierarekin hogei milioi euroko galerak izan ditu orain arte. Hala ere, dendetan, etxetik zuzenean, nahiz online salmentak asko igo dira eta horrez gain, sagardotegietara inguratu den jendeak ere asko gozatu du aurten sagardoarekin. Horrek esperantza handiak eman dizkio sektoreari, bertakoaren eta kalitatearen alde egiten ari den apustuak, «etorkizun oparo bat eskainiko duela seguru».