NAIZ

«Krisia emakumeon lan baldintzen eta lanpostuen kontura gainditzea» onartezina da LABen iritziz

«Sektore feminizatuetako langileek bizi duten prekaritatea eta enplegu galera» salatzeko ekintza bat burutu du LABek Donostiako erdigunean.

LABeko bi ekintzaileak autobusaren gainean Donostiako erdigunean. (LAB)
LABeko bi ekintzaileak autobusaren gainean Donostiako erdigunean. (LAB)

«Borrokatzeko» abiatutako dinamika ekintzailearen baitan, LABek beste ekintza bat egin du gaur Donostian. Sektore feminizatuetako borrokak eta enplegu suntsiketa salatzeko Gipuzkoako hiriburuko erdigunean dagoen Askatasunaren hiribidea blokeatu dute, autobus artikulatu batera igota eta, bertatik, «inor ez dagoela soberan» aldarrikatu dute, «sektore feminizatuetako langileek bizi duten prekaritatea eta enplegu galera» salatu dute, astelehenean Bilbon sektore feminizatuetako lanak duintzea eta babestea aldarrikatu zuten bezala Deustuko zubian.

LABek azaldu duenez, «emakume langileok kalera atera gara, eta egunerokoa eten nahi izan dugu gaurko ekintzarekin: gelditu egin nahi izan dugu sektore feminizatuetako egoera salatzeko, emakumeon lan baldintza prekarioen arduradun nagusiak seinalatzeko eta instituzio zein patronalei mezu bat helarazteko: langabezia izugarria da, eta, hemendik aurrerako joeran, kopurua hau biderkatzeko arrisku handia dago. Krisia ezin da gure lan baldintzen eta lanpostuen kontura gainditu. Eta ezin du isilpean gelditu», ohartarazi du.

Sindikatuko ekintzaileek nabarmendu dutenez, «emakumeon lanpostuak ezinbestekoak dira jendartean eta babestu egin behar dira. Nazkatu gara gure aldarrikapenak inon ez jasotzearekin. Nazkatu gara gure kaleratzeak inon ez ateratzearekin».