NAIZ

Gaztelugatxeko zati bat berriro irekiko dute uztailaren 1ean

Gaztelugatxeko sarbidea berriro irekiko dute datorren uztailaren 1ean, penintsula eta ermitarako sarbideak itxita jarraituko duen arren, joan den urtarrilean bidean gertatutako lur-jausiagatik. Osasun neurriei jarraituz, egunean 960 pertsonako muga mantenduko da.

Urtarrilean Gaztelugatxen izan zen lur-jausia. (Bizkaiko Aldundia)
Urtarrilean Gaztelugatxen izan zen lur-jausia. (Bizkaiko Aldundia)

Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxeko zati bat irekiko du uztailaren 1ean, eta bisitariek ibilbide zirkular bat egin ahal izango dute Urizarreta eta Ermu artean, sarbideak ixtea eragin zuen lur-jausia gertatu zen eremura iritsi gabe, eremu horretan azken hilabeteetan teknikariek egindako azterketan ezarritako segurtasun neurriak hartu baitira.

Luizia gertatu aurretik funtzionatzen zuten txartel sistema eta sarreren kontrolak mantenduko dira bisitarien joan-etorriak arautzeko. Ildo beretik, eta osasun agintariek covid-19aren aurka ezarritako babes neurriak betetzen direla bermatzeko, egunean 960 pertsonako muga mantenduko da, noranzko bakarreko ibilbidearekin.

Foru erakundeak jakinarazi duenez, lur-jausiaren arrazoiak mendi mazelaren izaera bera eta aurreko hilabete eta asteetan izandako prezipitazio handiak izan direla ondorioztatu du azterketak. Gainera, biotopo babestu osoaren sektorizazioa ezarri du, esparru horiek duten ezegonkortasun maila kontuan hartuta.

Horrela, publikoarentzako mailakako berrirekitzea egin daiteke, arrisku gutxien dagoen eremuetatik hasita. Era berean, egin beharreko jarduketak plantea daitezke, sektore bakoitzaren problematika kontuan hartuta.

Ildo horretatik, teknikariek sektore horietako bakoitzean behar diren neurriak ezarri dituzte bisitarien segurtasuna bermatu ahal izateko. Horrela, hainbat eremutan hesiak jarriko dira, higadura eremuak babestuko dira eta, lur-jausia gertatu zen eremuan, kabailoi egonkortzaile bat eta hiru metroko altuerako hesiak jarriko dira, kabailoiaren gainean sare elektrosoldatuz indartuta.

Segurtasuna

Jarduketa horien helburu nagusia da Gaztelugatxeko sarbideetatik igarotzen diren pertsonen segurtasuna bermatzea, eta diseinatzerakoan kontuan hartu da paisaian integratu behar direla, hau da, bigunak edo inpaktu gutxikoak izan behar direla, moldagarriak eta ezegonkortasunaren bilakaerara egokitzeko modukoak. Era berean, inguruko bideetatik makineria astuna ibiltzeak eragindako kalteak arintzeko irtenbideak eta jarduerak lehenetsi dira. Neurri horiek hartzeak milioi erdi euro inguruko inbertsioa eragingo du.

Irekiko den lehen sektorea egonkortzeko lanak hasi dira dagoeneko, eta laster mugatutako beste bi esparruetakoak egingo dira: Ermu eta Lurgorri artean dagoena, seguru asko uztailaren amaieran irekiko dena, eta penintsulara eta ermitara iristen dena, hau da, luizia gertatu zen lekua; azken hori udazken hasieran bisitatu ahal izango da.