NAIZ

Kirol munduan indarkeria matxista salatzea urte osoko lana dela dio Donostiako EH Bilduk

Donostiako Udalak kirol munduan indarkeria matxista salatzeko protokoloa soilik udan ezartzea kritikatu du EH Bilduren zinegotzi Reyes Carrerek. Eskola garaian ere kirol abusua espezifikoki landu behar dela nabarmendu du.

Reyes Carrere Donostiako EH Bilduren zinegotzia. (EH BILDU)
Reyes Carrere Donostiako EH Bilduren zinegotzia. (EH BILDU)

Aurtengo udan jairik egongo ez denez Donostiako Udalak kirol munduan dagoen indarkeria matxistaren aurkako protokola abiatuko du. EH Bilduren zinegotzi Reyes Carrereren arabera, ekimen hau ez da udara mugatu behar.

«EH Bilduren ustez, ez du zentzu handirik kanpaina hori udako hilabeteetara mugatzeak; izan ere, garai horretan, kirol modalitate federatu gehienak ez daude aktibo, eta eskola kirola erabat geldirik dago. Gure ustez, kiroleko sexu indarkeriaren eta abusuen aurkako lan horrek irismen eta eraginkortasun handiagoa izan dezan, urte osoan zehar hedatu beharko litzateke; izan ere, udako hilabeteetara mugatzen bada, mezuak ez du eraginik izango kirolari gehienengan», adierazi du Carrerek.

«Oso garrantzitsua da eskola garaian kirol abusua espezifikoki lantzea. Biztanleria hori oso sentsiblea da abusatzaileekiko, eta abusua, askotan, estalita geratzen da ustezko kirol errendimenduarekin, jarduera fisikoarekin eta osasunarekin lotutako jarrera faltsuen ondorioz», erantsi du.

«Kirolean sexu indarkeria desagerrarazteko, urrats sendoagoak eta ausartagoak egin behar dira arlo horretan, milaka baitira Donostian modu batean edo bestean jarduera fisikoa egiten duten neskak eta emakumeak», aldarrikatu du EH Bilduren zinegotziak.

«Horretarako, kirolariei eta haien ingurukoei zuzendutako prebentzio kanpainak egiteaz gain, behar-beharrezkoa da gobernu honek gure hiriko kirol erakunde guztiei berdintasun plan bat prestatzeko laguntza eta orientazioa ematea, eta plan hori aplikatzera behartzea. Berdintasun plan horrek barnean izan behar du sexu jazarpenaren eta abusuaren aurka egiteko protokolo bat, kirol jarduera osoan (entrenamenduan eta lehiaketan) aplikatu beharrekoa, eta, kudeaketari dagokionez, klubaren eta gure hiriaren errealitate sozioekonomikora egokitua», gaineratu du.