NAIZ

Hainbat herriko etxek terrazen gaineko zerga ez dietelako kenduko kexu dira ostalariak

«Kasu, kasu, ostalariak kexu» kolektiboak protesta egin du gaur goizean, Ezpeletan, bertako Herriko Etxeak terrazen gaineko urte osoko zerga ordainaraziko diela sei hilabete luze haien lokalak itxita izan dituzten ostalariei salatzeko xede. Ez da kasu bakarra.

Ezpeletako Herriko Etxeak ostalarien aldeko elkartasun keinurik ez duela egin salatu du kolektiboak. (NAIZ)
Ezpeletako Herriko Etxeak ostalarien aldeko elkartasun keinurik ez duela egin salatu du kolektiboak. (NAIZ)

Sei hilabete pasatxo luzatu zen erabateko itxialdiaren ostean iragan maiatzaren19an terrazetan bezeroak hartzeko eskubidea berreskuratu zuten Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko ostalariek.

Izan ere, edukieraren %50ko muga errespetatuz jardun behar izan dute ekainaren 9ra arte.

Joan zen asteazkenaz geroztik, edukieraren mugarik ez dago terrazetan. Aldiz lokalen barnealdeetan edukieraren %50ko murrizketa behar dute atxiki.

«Kasu, kasu ostalariak kexu» kolektiboak hainbat mobilizazio egin zituen itxialdi luzeak sektorearengan izan zituen ondorioei buruz ohar egiteko. Besteak beste zergen edota asurantzen ordainketek ostalariei sortzen zizkieten kalteak nabarmenduz.

Terrazen gaineko zergak denbora batez eteteko hautua egin dute Ipar Euskal herriko udal geheniek. Batzuk, ordea, ez dutela bide horretatik jo agerian jarri dute hainbat ostalarik, gaur goizean, Ezpeletan burutu duten protestaren bidez.

Ohar baten bidez azaldu dutenez, «herriko etxe gehienek, elkartasunez ostalariekin, terrazen kitantza egokitu dute izurritearen egoera kontuan hartuz eta beste batzuek karriken eta espaloien eremua zabaldu dituzte, bezeroen harrera antolatzeko». Izan ere, kolektiboak bere kexa agertu du hainbat udalek «uzkur» jokatu dutelako.

Taldeak eman dituen datuen arabera, Donibane Garazin terrazen gaineko udal zerga ordaindu beharko dute ostalariek, «fitsik gertatu ez balitz bezala».

Kolektiboaren ustez eskasa da, bestalde, Baionako Herriko Etxeak zerga hori ekainaren bukaera arte eteteko harturiko erabakia.

Edonola ere, kasurik larriena Ezpeletan ematen dela irudikatzeko bertara eraman dute gaur protesta.

Bertako Herriko Etxeak eremu publikoa erabiltzeagatik kobratzen duen zerga bere osotasunean eskuratzeko asmoa agertu du, ostatu eta jatetxeak hetsirik egon diren sei hilabete luzeak barne.

Hori gutxi balitz «2022an geroa oraindik ere ilunago dutela ostalariek» salatu dute ekimen horren bidez. Heldu den urtean metro koadroen gaineko prezioa emendatuko baita Ezpeletan.