NAIZ

Bruss enpresako langileek mobilizazioa egin dute azken lan istripua salatzeko

Bruss enpresako langileek Durangon kontzentrazioa egin dute joan den asteazkenean gertatutako azken lan istripua salatzeko. LABek jakinarazi duenez, makina batek langile baten eskua harrapatu zuen, nahiz eta enpresak jakin eredu horretako makinek huts egiten zutela.

Bruss enpresaren langileek egindako kontzentrazioa. (LAB Durangaldea)
Bruss enpresaren langileek egindako kontzentrazioa. (LAB Durangaldea)

Bruss-eko langileek kontzentrazioa egin dute ostiral honetan Durangoko enpresaren aurrean bertan izan zen azken lan istripua salatzeko. Pasa den asteazkenean, hilaren 9an, langile batek istripu bat izan zuen, makina batek harrapatuta. LAB sindikatuak salatu duenez, istripu larria izan zen, «lesioagatik beragatik eta enpresaren utzikeriarengatik» eta elkartasuna erakutsi nahi izan diote lankideari.

«Antzeko ezaugarriak dituzten 4 makina daude, lantegiko zaharrenak direnak eta enpresak badaki ez dabiltzala ondo. Bakarra aldatzea erabaki du enpresak, beste hirurak konpondu gabe utziz. Hiru horietako bat izan da langilearen eskua harrapatu duena», jakinarazi du sindikatuak. Halaber, gaineratu du «gero eta gutxiago inbertitzen dela segurtasun eta prebentzioan», eta istripuak inposatzen dizkieten «lan baldintza txarren ondorio» direla.

Ertzaintzaren atestatuaren ondorioz Osalan eta Lan Ikuskaritza agertzen ez badira eta azken honek beharrezko ikerketa egiten ez badu behar den zigorrarekin, sindikatuak ohartarazi du dei egingo dietela «beharrezko salaketa jartzera».

Azkenean, enpresari exijitu dio «beherala konpontzea eta segurtasun eta prebentzio neurri egokiak ezartzea». «Istripuak ez dira gertakariak, inposatzen dizkiguten lan baldintza txarren ondorio baizik», salatu du LABek.