Martxelo Díaz

Datozen aldaketei herri bezala erantzuteko beharra nabarmendu du EH Bilduk

Aldaketak datoz lan eredua, pentsioak eta fiskalitatean. Eta horren aurrean, Euskal Herria ezin da geldirik egon aldaketa horiek nola gauzatzen diren begira, EH Bilduren arabera. Horregatik, herri gisa erantzuteko beharra nabarmendu du, eskubideak defendatzeko olatu bat sortuz.

Mertxe Aizpurua eta Pello Otxandiano, ostiral honetako agerraldian. (Jon URBE / FOKU)
Mertxe Aizpurua eta Pello Otxandiano, ostiral honetako agerraldian. (Jon URBE / FOKU)

Lan eredua, pentsioak eta fiskalitatean etorriko diren aldaketen aurrean Euskal Herriak herri bezala erantzun behar duela nabarmendu dute gaur EH Bilduko diputatu Mertxe Aizpuruak eta formazioaren Programa zuzendari Pello Otxandianok egin duten agerraldian.

Aizpuruak azpimarratu duenez, «gaur indarrean dugun sistema agortzen ari da eta pandemian sistemaren mugak agerian utzi ditu». Izan ere, herritarren bizi proiektuak baldintza duinetan garatzeko mugak azalaratu dira diputatuak esan duenez. Egoera honetan, nazioarteko erakundeek sistema aldaketa sakonak egiteko aukera eta beharra plazaratu dutela gogoratu du.

«Aukerak daude, baina arriskuak ere bai», ohartarazi du Aizpuruak. «Goitik behera egiten diren erreformek egungo egiturak erreformatuko dituzte datozen urteotan eta horrek jendearen bizimoduan eta etorkizun sozioekonomikoan ondorioak izango ditu».

Aldaketa hauek, EH Bilduren ustez, hiru esparru konkretutan eragingo dute: lan erreforman, pentsioetan eta fiskalitatean.

Etorkizuna jokoan

«Bidegurutzean daude, jokoan dugu etorkizunean izango dugun lan eredua, zein pents¡o izango ditugun. Datozen belaunaldien etorkizuna eta oraina dugu jokoan. Gure herriaren etorkizuna dugu jokoan. Eta partida hau herri bezala jokatu behar dugu», esan du Aizpuruak.

Gauzak horrela, gaineratu duenez, Euskal Herria «ezin da Madrilgo negozioazioen zain egon, gizarteak eta erakundeek ezin dute jarrera pasibo bat hartu. Etorkizuna eta oraina jokoan daude. Partida jokatu behar da eta herri gisa jokatu gainera».

«Emaitza desberdina izango da lortzen den indar harremanen arabera. Euskal Herrian inon baino egoera hobean gaude murrizketei aurre egiteko eta langile eta herri sektoreen aldeko politikak martxan jartzeko», esan du diputatuak.

Aizpuruaren arabera, Euskal Herrian bada kontsentsu zabal bat gai hauen gainean. Horrela, lan erreforma erabat indargabetu behar dela, pentsio murrizketarik ez dela onartuko eta herri ikuspegi batetik fiskalitate progresibo batean sakondu behar dela defendatzen dute herritar gehienek.

G7 bezalako nazioarteko erakundeek fiskalitatean aldaketak egin behar direla adierazten duten garai hauetan, EH Bilduk herri posizio bateratu bat lortzeko deia egin die eragile politiko, sozial eta sindikalei.

Eskubideen aldeko olatua

«EH Bilduren bost diputatuak ez dira nahiko hori egiteko. Lan eta eskubide sozialen aldeko olatu bat martxan jarri behar da. Murrizketak ez izateko gehiengo nagusi bat eraiki behar da. Herri mandatua behar dugu eta guk herri mandatu hori Kongresura eramateko eta gaia Madrilen zorrotz jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu», bota du Aizpuruak.

Otxandianok aurreratu duenez, EH Bilduk bilera erronda bati ekingo dio Euskal Herriko eragileekin. Besteak beste, pentsiodunekin, autonomoekin eta sindikatuekin elkartuko dira.

«Inoiz ez bezala, zerbitzu publikoak sendotu, ondasuna banatu eta eraldaketa ekonomikoa beharrezkoak dira. Eta horretarako sektore publikoaren lidergoa behar da. Euskal Herria ezin da atzea gelditu. Orain da lan egiteko garaia», nabarmendu du Otxandianok. Nafarroan fiskalitatearen inguruan EH Bilduk akordioak lortu dituela eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako batzar nagusietan zein Nafarroako Parlamentuan fiskalitatearen inguruko proposamen ugari aurkeztu dituela gogoratu du.