NAIZ
Iruñea

Gaueko aisialdia Nafarroan eserita, dantzalekurik gabe eta 03:00ak arte izango da

Maria Chivite lehendakariak jakinarazi duenez, gaueko aisialdian hartutako neurrien malgutzea uztailera atzeratzea erabaki du. Eta nabarmendu du ez dela pandemia aurretik ezagutzen genuen modukoa izango: eserita, dantzalekurik gabe eta 02:00 edo 03:00ak arte.

Maria Chivite eta Santos Indurain, aurreko agerraldi batean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Maria Chivite eta Santos Indurain, aurreko agerraldi batean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Maria Chivite nafar lehendakariak uztailera atzeratu du gaueko aisialdiaren sektorean hartu beharreko neurriak malgutzeko erabakia, eta aisialdi hau «orain arte ezagutzen genuen bezalakoa ez dela izango» azpimarratu du.

«Ez gaitezen engainatu. Une honetan, uztailerako gaueko aisialdirako proposatzen ari direna ez da diskotekak guk ezagutzen genituen bezala irekitzea. Mahaiez hitz egiten ari gara, eserita eta dantzalekurik ez», esan du. Izan ere, bere hitzetan, «oraindik ezin dugu nahiko genukeen normaltasunarekin aritu», gaineratu du.

Ordutegiak ere ez dira 2020ko martxoaren aurretik ezagutzen genituenak Chivitek adierazi duenez, 02:00etan edo 03:00etan ezarriko da muga.

Lehendakariak gogorarazi duenez, datorren astean ostalaritzarako eta kultura arloko neurriak malgutu egingo dira, koronabirusaren datuek «txertaketan eta ospitaleetan laguntzen gaituztelako», eta uztailean udarako «guztia nola geratu behar den azaltzen duen planteamendu orokorragoa» egingo dutela gaineratu du.

Zezenketen inguruan galdetuta, hauek irailaren amaieran, Sanfermin txikiko jaiekin batera, egitea ez du baztertu. «Egoera epidemiologiko desberdin batean egongo gara, orain baino askoz hobeto», aurreikusi du. Hala ere, gai hori orain planifikatzea «azkarregia» izan daitekeela gaineratu nahi izan du.

Txertaketa kanpainaren harira, «pozik» agertu da Chivite. «Litekeena da ekaina amaitzerako 16 urtetik gorako herritarren %50ak edo gehiagok txertoa hartuta izatea», ezarritako helburua %40ra iristea zenean. Bide horretik jarraitzeko erantzunkizuna Nafarroatik kanpo ezarri du, txertoak iristea edo ez baldintza dezakeelako. «Txertoen etorrera erritmoa handiagoa izan denean, txertoaren erritmoa ere hazi egin da».