Jon Ormazabal

Victorrek Elezkano ordezkatuko du Nafarroako Kaiolan, bere itzulera aurreratuz

Zaratamoko aurrelariak uko egin dio txapelketa jokatzeari ezker eskuan dituen arazo batzuengatik eta berez Asperekin bere lehen partida uztailean jokatu behar zuen errioxarra igande honetan bueltatuko da, Logroñon, Salaberriaren aurka.

Victor Estebanen itzulera ia hilabete aurreratu da. (Endika PORTILLO/FOKU)
Victor Estebanen itzulera ia hilabete aurreratu da. (Endika PORTILLO/FOKU)

Azkenean Victorren profesionaletarako itzulera uste baino askoz lehenago emango da, errioxarrak igande honetan bertan jokatuko baitu bere lehen partida Asperekin, Logroñoko Adarragan. Berez aste honetan bertan sinatutako akordioaren baitan, uztailean zen Ezcaraykoa bere enpresa berriarekin jokatzen hastekoa, baina azken orduan Danel Elezkanok uko egin dio Nafarroako Lau eta Erdikoa jokatzeari ezker eskuan dituen arazo batzuengatik eta Aspek bere pilotari berriari aukera ematea erabaki du, horretarako akordio berria sinatuta.

Asteazkenean Jokin Altunarekin Bilbon buruz buruko entrenamendu gogor egin zuen arren, errioxarrak ez du aukera hau galdu nahi izan, are gutxiago partida Adarragan jokatuta eta pozarren hartu du ezustean agertu zaion aukera hau. Lehen partida honetan Iker Salaberria gaztea izango du arerio. Goizuetarra oso maila ona ematen ari da debutatu zuenetik eta ez dio ezer oparituko azken bederatzi hilabeteak afizionatuetan jokatzen eman dituen aurrelariari. Hori bai, buruz buruko lehietarako dohain handiak ditu Victorrek, kantxa osoan eta baita kaiolan ere eta maila ona emateko moduan izango da.

Ebakuntza Julen Egigureni

Denbora batez geldirik egon beharko duena Julen Egiguren azpeitiarra izango da. Promozio mailako Buruz Buruko finala galdu ostean, asteazkenean Beñat Rezustarekin entrenatzen ari zela pilota bat oker jo eta ezker eskuko hatz erakuslean haustura bat egin zuen eta osatzeko ebakuntza bat egin beharko diote astelehenean Bilboko ospitale batean.