NAIZ

Irun eta Hendaia artean hainbat etorkinentzako pasabide segurua bermatu du LABek

LABeko Ekintza Sozialeko Komunitateak Irun eta Hendaia artean hainbat etorkinentzako pasabide segurua bermatu du larunbat honetan Santiago zubian. «Garaia da bizitzari mugak ireki eta kapital anker eta esplotatzaileari ezartzeko», adierazi du sindikatuak.

Santiago zubian larunbat honetan LABek egindako ekimena. (LAB)
Santiago zubian larunbat honetan LABek egindako ekimena. (LAB)

LAB sindikatuko Ekintza Sozialeko Komunitateak Irun eta Hendaia artean hainbat migratzailerentzako pasabide segurua bermatu du larunbat honetan Santiago zubian “Mugak apurtu, zubiak eraiki” lemarekin egin duen ekintza bati esker.

«Gipuzkoa eta Lapurdi arteko Santiago zubia zeharkatu dugu, egunero muga hau baldintzarik okerrenetan igarotzen duten langile migranteen errealitatea salatzeko. Muga arriskutsua bada, aplikatzen zaion salbuespen polizial eta politikoagatik dela erakutsi dugu eta hainbat migratzailek muga modu duin eta seguruan zeharkatzea ahalbidetu dugu mobilizazioaren bidez. Garaia da bizitzari mugak ireki eta kapital anker eta esplotatzaileari ezartzeko», adierazi du.

Ekintza Sozialeko Komunitatearen ekintzak izan dira ere beste leku batzuetan. Atarrabian, supermerkatu handi batean trantsizio ekosozialistaren aldeko aldarrikapena egin dute. «Kapitalismo berdearen ameskeriaren aurrean, sozialki eta ekologikoki jasangarria izango den trantsizioaren alde agertu gara, eta egungo kontsumo eredua zalantzan jartzeko hainbat produktuen jatorria eta ekoizpen eredu kaltegarria salatu ditugu. Hala, apaletan dituzten iruzurrezko produktuak etiketatu ditugu», esan du LABek.

Basaurin, berriz, manifestazio bat egin dute. «Pozokoetxe plazatik hasita, aste honetan
bertan izandako eraso homofoboa salatu, pentsiodunekin batera banketxeetako arreta eredua
kritikatu, herriko anbulategiko errealitatean arreta jarri eta gazte mugienduarekin batera
etxebizitzaren espekulazioa gaitzetsi ditugu ehunka lagunek hainbat ekimenen bidez», azaldu du.

Gaurko ekintza hauez gain, ostegunean Gasteizen bildu ziren, Simon Bolibar parkean, «gerrilla komunikatiboaren bidez, langile klasearen aniztasuna aldarrikatu eta balioan jarri dugu, homogenizazio eta diskurtso faxisten aurrean propaganda ekimen erraldoia eginda». Topaketaren ostean, mural koloretsu bat osatu zuten, "Herri anitza eta batua inoiz ez garaitua" leloarekin.

Ekintza Sozialeko Komunitateko Topaketak

LABek Ekintza Sozialeko Komunitateko kide izateko izen emateko epea zabaldu zuen duela aste batzuk, "Lantokitik herrira! eraldaketarako tresna" goiburupean, eta «ibilbide berri honen baitan lehen geltokia gaur aipatu lau herrietan egindako topaketak izan dira». «Lehen elkargune bat izateko antolatu dugu, komunitatea nolakoa izango den eta zertan jardungo duen definitzeko bidean. Hala, topaketetan parte hartutako herritarren parte hartzea oso aberasgarria izan da, eta edukiz bete dugu erronka», gaineratu du eta jorratu diren hainbat gai aipatu ditu, horien artean kaleratzeak, AHT-a, erraustegia eta prekarietatea.

Sindikatuaren arabera, Ekintza Sozialeko Komunitateak hainbat helbururekin egingo du lan, eta bi eremutan parte hartu ahalko dute bertara hurbiltzen direnek. «Ekintza sozialeko sarean: informazioa jasotzeko, Ekintza Sozialeko Komunitatearen ekimen eta kanpainen berri izan eta haietan parte hartzeko. Eta ekintza sozialeko arloak: lan-lerro jakin bat landu eta garatzeko herrialdeetako elkarguneak antolatzeko», nabarmendu du.

«LAB sindikatuko kideak beti saiatu gara langileon alboan egoten eta herritar ororen eskubideen defentsan antolatzen; lantokietan noski, baina baita herri, auzo eta kalean ere. Txikitik, tokian toki eta egunero eragiten ari garen komunitate handi bat gara, eta horretan sakonduko dugu Ekintza Sozialeko Komunitatearekin», ohartarazi du.