Andoni Arabaolaza

Bero festa Tolosako Hiru Tontorrak lasterketan

43 kilometroko ibilbidean Ismail Razga sestaoarra izan da azkarrena. Nesketan, berriz, Aitziber Ibarbia zizurkildarra. 24,5 kilometroko T2T lasterketan, bestalde, Oier Ariznabarreta eta Leire Agirrezabala gailendu dira.

Pandemiarengatik iazko ekitaldia bertan behera geratu ondoren, Tolosan antolatzen diren T3T eta T2T lasterketak berriro itzuli dira. Antolatzaileak gogotsu zeuden iazko hutsunea betetzeko, eta, osasun neurri guztiak bikain beteta, bi hitzorduak bikain amaitu dira. Denera, 600 dortsal banatu dira; 300na lehia bakoitzean.

Zalantzarik gabe, arreta nagusia Tolosako Hiru Tontorrak izeneko probak izan du. Eta hori diogu korrikalariek 43 kilometro eta 2.800 metroko goranzko desnibela dituen ibilbideari aurre egin behar izan diotelako. Eta tartean, hiru gailur: Ernio, Uzturre eta Erroizpe. Hori gutxi ez, eta lasterketak bisita berezi bat izan du: beroa. Berez, irteera puntuan, goizeko 9etan, tenperatura epela zen, baina orduek aurrera egin ahala giroa erabat berotzen hasi da. Helmuga puntuan protagonista guztiek gauza bera baieztatu dute: “Bero sargori egin digu”.

T3T probari dagokionez, aurreratu behar dugu gizonezkoen kategorian, lehia bizia izateaz gain, amaieran “ezustekoa” izan dela. Hasiera-hasieratik Hassan Ait Chauou lider jarri da. Ernio (9. kilometroa), Uzturre (24, 6) eta Erroizpe (36,5) lehen postuan igaro ditu. Bazirudien aise irabaziko zuela, baina azken kilometroetan Villabonako korrikalariari “gasolina” agortzen hasi zaio. Ismail Razga bigarrena zen gailur horietan, baina amaiera bikaina izan du, eta helmuga puntuan lehena izan da 4:24:03 denborarekin. Beste “ezustekoa” Jaime Romok eman du; Ponferradako korrikalariak oso ondo kudeatu du maratoi hori. Atzetik aurrera egin eta gero, hirugarren postua lortu du; sestaorrarengandik 39 segundora. Podiumaren hirugarren kutxara igo dena Ait Chauou izan da; irabazleak 59 segundo atera dizkio.

Aitziber Ibarbia, garaile

Nesken mailan, berriz, lehia esturik ez da izan. Aitziber Ibarbiak goitik behera menderatu du maratoi hori, eta bere denbora honakoa izan da: 5:47:43. Zizurkildarraren atzetik etxeko bat sailkatu da: Laiane Arrospide. Ibarbiarengandik 45 minutura geratu da. Uxua Barandiaran hirugarrena izan da. Zegamarrak 6:34:56 denbora egin du.

Bestalde, Tolosako Bi Tontorrak lasterketari dagokionez, aurreratu behar dugu, Uzturre eta Erroizpe igo dituztela. Ibilbideak 24, 5 kilometro eta 1.600 metroko desnibel positiboa izan ditu.
Oier Ariznabarretak erabateko nagusitasuna erakutsi du; hots, aise gailendu da. 2:06:27 denbora markatu du. Bigarren sailkatua, 15 minutura, Txiki Garcia izan da, eta hirugarrena Ibaia Etxebarrieta.

Emakumezkoen kategorian, Leire Agirrezabalak ez du arazorik izan irabazteko. 2:37:33 denbora egin du. Rosa Uribek, 18 minutura, bigarren postua sinatu du. Eta hirugarrena Oihana Zubillaga izan da; irabazlearengandik 22 minutura.