Asier Aiestaran

Salaberria izan da garaile Victorren itzulerako neurketa aldrebesean (21-22)

Goizuetarrak lan asko eginda menderatu du errioxarra eta hurrengo kanporaketan Jokin Altunaren aurka jokatzeko aukera izango du. Gaurko neurketan, zazpi falta egin dituzte sakez bi pilotarien artean.

Salaberriak sei tanto egin ditu sakez, baina hiru falta ere bai (ASPE)
Salaberriak sei tanto egin ditu sakez, baina hiru falta ere bai (ASPE)

Iker Salaberriak aurrera egin du Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketan profesionaletara gaur itzuli den Victor Estebani Logroñon 21-22 irabazi ondoren. Goizuetako aurrelari gazteak asko kostatako garaipena erdietsi du, eta sari potoloa eskuratu: hurrengo kanporaketan Jokin Altunaren aurka jokatzeko txartela, hilaren 27an Donostiako Atano pilotalekuan.

Gora-behera askoko neurketa izan da Adarragakoa, tanto ederrak utzi dituena baina baita akats larriak ere. Esaterako, bi pilotarien artean zazpi falta egin dituzte sakez, eta Victorrek lau eta erdiko marratik bi pasa ere egin ditu.

Hala ere, ulertzekoa da. Errioxarrak denbora asko eman du profesionaletatik kanpo, beste maila bateko partidak jokatu ditu afizionatuetan, eta urduritasun puntua nabaritu zaio, batez ere partidaren bigarren zatian.

Hasiera, aldiz, oso ona egin du. Oso indartsu ekin dio norgehiagokari eta lehen erdi luzean nagusitu egin zaio Salaberriari jokoan. Pilota abiadura handian mugituz, 3-0 eta 8-3 aurreratu da markagailuan, erremate bikainak sinatuz.

Salaberria, lanerako prest

Bazirudien eroso nagusitzeko aukera izango zuela, baina Iker Salaberriak beste behin erakutsi du une zailetan burua altxatzeko gai dela, eta defentsan lan asko eginda neurketa parekatzea lortu du.

Lehen saiakeran, 11-10 hurbildu da goizuetarra, baina Victorrek berriz ere ihes egin dio 15-10 eta 16-11. Partidako une aldrebesenak izan dira: Victorren 16-11koa Salaberriak luzeegi ateratako sake batean iritsi da, baina hurrengo tantoan (16-12) Ezcaraykoa izan da motzegi sakatu duena. Opari hori ondo probestu du nafarrak eta markagailua 16-16 berdintzea lortu du sei tanto jarraian eginez.

Victorrek ongi erantzun du une zail horretan eta tanto eder batekin sakea berreskuratu eta 19-16 aurreratu da berriz, ustez neurketa nahiko bideratuta utziz. Baina ez, sakez egindako bi tanto bikainekin –sei egin ditu guztira– 19-19 berdindu du berriz emaitza Salaberriak.

Opariak azken txanpan

Eta azken txanpa horretan berriz ere opariak izan dira nagusi. Lehenik Victorrek beste pasa bat egin du sakez (20-20), geroxeago Salaberriak motzegi sakatu du (21-21) eta azken tantoan errioxarrak lau eta erdiko marratik haratago bidali du pilota.

«Jokin Altunaren aurka zerbait egin nahi badut ezingo ditut horrelako opariak egin», onartu du Iker Salaberriak neurketa amaieran. «Sakearekin izandako arazo horiek kenduta uste dut partida ona egin dudala eta oso pozik nago. Torneo honetan sartzea jada saria zen niretzat, eta orain Jokinen aurka jokatzeko aukera izatea zer esanik ez», gehitu du.

Victorrek, bere aldetik, zapore gazi-gozoarekin amaitu du: pozik berriz ere profesionalekin jokatu duelako baina triste garaipena lortu ez duelako. «Banekien maila honetan berriz jokatzea kostako zitzaidala. Fisikoki entrenamendu onak egin ditut, baina lehiaketa beste kontu bat da. Une batzuetan lasaitasuna falta izan zait huts gutxiago egiteko», azaldu du.