NAIZ

Donostiako memoriaren plakekin jarrera baztertzaileak daudela salatu du EH Bilduk

Biktimak oroitzeko plakak jartzeko ekimenean Donostiako Udalak jarrera baztertzaileak izaten dituela salatu du EH Bilduk. Familiekin aurrelanketarik ez dela egiten jakitera eman du eta Francisco Javier Rueda Alonsoren senideen kasu zehatza aipatzen du.

Maria Jose Bravo biktimaren plaka jartzeko ekitaldia, maiatzaren 5ean. (DONOSTIAKO UDALA)
Maria Jose Bravo biktimaren plaka jartzeko ekitaldia, maiatzaren 5ean. (DONOSTIAKO UDALA)

Donostiako Udalak biktimak oroitzeko hamabi plaka jartzeko ekitaldiak antolatu ditu, EH Bilduren kritika jaso duelarik, baztertzaileak direlakoan. «Izan ere, egiaztatu ahal izan dugunez, plakak jartzeko dinamikak uko egin die bizikidetza demokratikoa eraikitzeko tresna integratzailea izateari eta Bakean eta Giza Eskubideetan oinarritutako etorkizun partekatuaren eraikuntza kolektiboari», nabarmendu du EH Bilduk, Eneko Goia alkateari erantzunkizuna bere gain hartzeko eskatu diolarik.

«Udalak antolatutako ekimen hauek ez dituzte betetzen berdintasun eta inklusioaren oinarrizko printzipioak, biktima eta sentsibilitate politiko guztiak errespetatuak eta onartuak izan daitezen. Orain artekoak baieztatu du hori horrela dela. Eta esan daiteke hasierako planteamendutik ere atzera pausuak eman direla», azaldu du EH Bilduk.

«Ekimen publikoak antolatu baino lehen egin behar den aurrelanketarik ez du
egiten Udal Gobernuak, eta horren ondorioz egoera desatseginak sortzen dira, biktima mota batzuk birbiktimizatuz, eta abar. Zentzu honetan, gauzak nola ez diren egin behar erakusten du azken ekitaldiak, maiatzaren 5ekoa. Bravo familiak merezi duen aitorpen instituzionala jaso zuen. Baina, horrekin batera, esan behar da Udal Gobernuak ez zuela aurretik egin behar zen lanik egin eta ondorio onartezinak sortu direla», gaineratu du talde abertzaleak.

«Aitorpen instituzionaleko ekitaldia antolatzeko orduan, Udal Gobernuak hausnarketa sakonagoa egin beharko zukeen duela 41 urte gertatutakoaren inguruan. María Jesús Bravo talde parapolizialek bortxatu eta hil zuten une berean, Francisco Javier Rueda Alonso ere eraso zuten, oso larri geratu zen eta, zauri horien ondorioz, zortzi urteren ondoren hil zen. Hala ere, Udal Gobernuak ez du aurrelanik egin Rueda familiarekin, eta prentsaren bidez jakin dute Udalak Bravo familia aitortu behar zuela, eta ez Rueda familia, gertaera beraren biktima izan arren. Ondorioz, Rueda familiak une zailak bizi izan ditu
azken asteetan», salatu du EH Bilduk, beste familia batzuen kexak jaso dituela gaineratuz.

Betoa

«Udal Gobernuak onartu egin du zenbait ekitalditan betoa jarri izana donostiarren legezko ordezkari bati: EH Bilduri. Beto horiek Eneko Goia alkateak berak onartu ditu eta ez du defendatu gure hirian dagoen errealitate sozio-politikoa. Ordoñez, Mujica, Cuesta eta Gomez-en familiaren kasua izan da», gaineratu du EH Bilduk.

«Zenbait ekitaldietan, garaituen eta irabazleen kontakizun bakarrean sakondu da, Donostiako gizartearen gehiengoak partekatzen ez duen kontakizun mota bakarrean, alegia», gaineratu du.

«Donostiako bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan aurrera egiteko orduan erreparazio instituzionalerako mekanismo egokiak adostu behar dira. Desberdinen arteko topaguneak sortzeko eta erreparazio instituzionala behar bezala sustatzeko, Donostian egin ez den aurre-lanketa egin behar da. Gure inguruan egin diren esperientziek erakusten dutenez, prozesu horiek arrakastatsuak izateko, ezinbestekoa da desberdinen arteko elkarrizketa
sustatzea eta topagune pribatuak sortzea, edozein ekintza publikoren aurretik», gaineratu du EH Bilduk.