Iraide Ibarrondo
Bilbo

Bost enpresatako langileek manifestazio bateratua deitu dute, ostiralean Bilbon

Petronor, UTE Bilboko Argiak, Novaltia, PCB eta Tubacexeko beharginen ordezkariek manifestazioa deitu dute Bilbon hilaren 18rako. Bertan, 2010, 2011eta 2012ko lan erreformen baliogabetzea eta enpresa handien zuzendaritzek fede oneko negoziazioei ekitea eskatuko dute.

Petronor, Novaltia, UTE Bilboko Argiak, Novaltia, PCB eta Tubacexeko ordezkariak manifestazioa iragartzen.
Petronor, Novaltia, UTE Bilboko Argiak, Novaltia, PCB eta Tubacexeko ordezkariak manifestazioa iragartzen.

Enpresetako plantillen bozeramaileek datorren ostiralean, ekainaren 18an, Bizkaiko hiriburuan manifestazio bat egingo dutela iragarri dute. Mobilizazioa goizeko 10.00etan EITBren egoitzaren aurrean abiatuko da eta Udaletxe aurrean bukatu.

Manifestazioan sektore, tamaina, lan suntsipen eta prekarizazio maila desberdinetan dauden bost enpresek Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Mariano Rajoy presidente espainiarren agintaldietan ezarritako lan erreformak indargabetzea aldarrikatuko dute. Izan ere, egun indarrean dauden erreformek langileen kaleratze kolektiboak legeztatzen dituzte. Kaleratze masibo hauek 30 eguneko tartean eta lan erakundeen inolako oniritzi edo mugarik gabe gauzatu daitezke. Susana Oceda Petronorreko langileriaren bozeramailearen aburuz, urtero milioi askoko irabaziak dituzten enpresek «barra librea» dute lanpostuen prekarietate eta suntsipenerako.

Eskaeren artean, Novaltiako langile batzordeko kide den Ibai Carranzak konpromisoa gehitu du: «Enpresa handietako zuzendaritzei benetako konpromisoa eta fede ona eskatzen dizkiegu negoziaketetarako». Hortaz gain, «patronalaren alde eraiki den lan egituraz ez baliatzea eta langileriari egoera zaurgarrian ez uztea», eskatu diete langileen ordezkariek politikariei.

Poliziaren indarkeria

Petronorreko piketean gertatutakoaren eta atxilotutako langilearen harira, Ocedak manifestarien aldetik Ertzaintzaren aurkako inolako bortizkeriarik ikusi ez zutela adierazi du. Bere aldetik, Angel Rodriguezek, CCOOko delegatuak eta PCB-ITPko langileen bozeramaileak, segurtasun sailari egotzi dio liskarren erantzukizuna: «Ertzaintzaren bidez, lan gatazka guztiak gatazka sozial bihurtzen ari dira».

Rodriguezek Petronorrekoa kasu isolatu bat izan ez zela eta enpresa guztietako gatazketan portaera berdina ikusten ari direla gehitu du: «Tubacexen eta ITPn ere errepresio polizial handia pairatu genuen».

Hortaz gain, CCOOko delegatuak Segurtasun Sailak «Ertzaintza langileak erreprimitzera» agindu eta «beharginen aurkako indarkeria» sustatzen duela salatu du.