NAIZ

Hezkuntza publikoaren kalitatea bermatzea eskatu dute Alde Zaharrean eta Atxurin

Alde Zaharra eta Atxuri auzoetako hezkuntza-komunitateak hezkuntza publikoaren birplanteamendu integralaren beharra azpimarratzen du. Sare publikoan 0 eta 18 urte bitarteko kalitatezko eskaintza bermatzea eskatu dute.

Alde Zaharra eta Atxuri auzoetako hezkuntza-komunitatearen mobilizazio bat. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Alde Zaharra eta Atxuri auzoetako hezkuntza-komunitatearen mobilizazio bat. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Solokoetxe, Mujika eta Atxuriko eskoletako Guraso Elkarteek, Ikamak eta Bihotzean Auzo Elkarteak Alde Zaharra eta Atxuri auzoetako hezkuntza publikoaren birplanteamendu integralaren beharra aldarrikatu dute.

Bi auzoetako hezkuntza-komunitateak ikasturtearen balantzea egin nahi izan du: «Gure ikastetxeek egiturazko zein antolakuntzako hobekuntzak behar dituzte, partxeekin konpondu ezin direnak. Izan ere, ikasturte «oso gogorra» izan dela nabarmendu dute elkarteek, eta beraien auzoetako ikastetxe publikoen egoerak ikusarazteko lan «handia» egin dutela gogoratu dute. Hainbat mobilizazio egin dituzte ikasturtean zehar.

«Oso ikasturte neketsua izan da. Pandemiak agerian utzi ditu ikastetxeen gabezia eta behar asko, baina irakasle-taldearen, jantokiko zein garbiketa-zerbitzuko langileen eta familien inplikazioak egoera arintzea eta ikasturtea balantze positiboarekin aurrera ateratzea lortu du: Eskerrak eman behar dizkiegu, familiei, haur eta gazteei eta baita eskoletako langile zein auzo eragileei. Babestuta sentitu gara», adierazi dute ohar baten bitartez.

Azpiegiturei eta espazioen erabilerari dagokionez, Alde Zaharreko, Atxuriko eta Solokoetxeko hezkuntza publikoak aldaketa bat behar duela aldarrikatu dute: «Orain arte ezinezkoa zela esan ziguten espazioak erabiltzea lortu dugu, ikasleen bizi-kalitatea neurri handi batean hobetu dutenak. Santa Maria kalea, Atxuriko kantxak edo Santiagoko elizpea bezalako espazioak gure eskoletarako erabilgarri egotea behar dugu, irakasle eta jantokiko hezitzaile kopurua handitzearen garrantzia ahaztu gabe».

Barne espazioen kudeaketaren inguruan, Solokoetxeko ikasleei, ordea, curriculumeko edukietatik kanpoko garapenerako erabiltzen dituzten espazioen erabilera mugatu izan zaiela adierazi dute.

«Partxeekin ez da nahikoa»

Administrazioak ezin duela beste aldera begiratu defendatu dute: «Kalera atera gara, legebiltzarrean parte hartu dugu, gure ahotsa entzutea lortu dugu; Eusko Jaurlaritzak, Udalak, alderdi politiko guztiek gure auzoetako ikastetxeen gabeziak ezagutzen dituzte, eta orain esku hartzea dagokie: orain arteko partxeekin ez da nahikoa, gure eskolen eta institutuaren beharrei erantzun integrala ematea eskatzen diegu, hezkuntza-komunitate osoarekin adostutako erantzuna izatea eta agenda politikoan merezi duen lehentasuna ematea nahi dugu».

Horregatik, familiek etorkizunean beren eskola eta institutuen beharrei erantzuteko erabakiak hartzeko kontuan har ditzatela eskatzen dut.

«Eskola publikoaz harro gaude, eta irmoki uste dugu kalitatezko etorkizuna ziurtatzeko bidea dela, desberdintasun sozialak murriztuz. Horregatik, ez dugu atzerapausorik emango gure auzoetan kalitatezko eskaintza integrala lortu arte», aldarrikatu du Atxuri eta Alde zaharreko hezkuntza komunitateak.