Iraide Ibarrondo

Europako funtsen onuradun nagusia Ibex-35-a izango dela salatu du Kapitalari Planto plataformak

‘Europako berreskuratze funtsak: itxurazko aldaketa berde eta digitala’ txostenean, Kapitalari Planto-k Europako funtsek eragin ditzaketen arazo sozioekonomikoak plazaratu ditu. Plataformaren aburuz, multinazionalentzako erreskate plan bat da diru hori.

Kapitalari Planto-ko kideak ‘Europako berreskuratze funtsak:itxurazko aldaketa berde eta digitala’ txostenaren aurkezpenean.
Kapitalari Planto-ko kideak ‘Europako berreskuratze funtsak:itxurazko aldaketa berde eta digitala’ txostenaren aurkezpenean.

Kapitalari Planto mugimenduak azaldu duenez, Europako funtsak ez dira diruditen bezain «berde, sozial eta koherenteak». Argitaratu berri duen eskuliburuan, funtsen xehetasunen eta baldintzen analisi sakona egin du taldeak Europar Batasunaren erreskate planari desabantaila ugari ateraz.

Lehenik eta behin, funtsetako kapital gehiena enpresa eta multinazional handietara bideratuko dela salatu dute. Mugimenduko kide den Mikel Alvarezek azaldu du Ibex-35-a izango dela erreskate planaren «onuradun nagusia»: «200.000 milioi euro eskatu dituzte Ibex-35-a osatzen duten enpresek eta Espainiari osotara 140.000 milioi euro dagozkio». Enpresa pribatuei ezin zaiela diru publikoa «baldintzarik gabe» eta etengabe eman defendatu du Kapitalari Planto-k.

Izan ere, proiektuak enpresa handiek aurkeztu dituzte eta horietara bideratuko da injekzio-programa publikoaren gehiengoa. «Osasungintza, hezkuntza eta zaintzarako ia ez da inbertsiorik aurreikusten», azaldu du Nicola Schererek, Open Generation Europako berreskuratze programaren azterketa kritikorako Estatuko sareko kideak.

Horrez gain, epe luzera funtsekiko menpekotasunak eta Eurobonoen erabilerak eragin ditzakeen arazoak aurreikusi ditu Alvarezek: «Administrazio publikoak diru hori [120.000 milioi euro] bueltatu egin beharko dio merkatu finantzarioari». Hala, estatu onardunek lan arloan, pentsioetan eta fiskalitatean erreformak egin beharko dituztela ondorioztatu du.

Schererek Alvarezen konklusioa berretsi du: «Litekeena da murrizketa nazionalen olatu bat eta gastu publikoaren minimizazioa etortzea».

Digitalizazioari buruzko hausnarketa ere egin dute plataformako kideek. Beraien ustetan, digitalizazioak lanpostu neto askoren desagerpena eragingo luke eta ironiaz mintzatu dira: «Ez dugu sistema aldatzen baina uste dugu digitalizazioarengan fedea jarriz guztia hobera aldatuko dugula».

Lanpostuen desagerpena eta lan erreformaren harira, plataformako kideek Petronor moduko enpresak gogoan izan dituzte: «Langileak kaleratzeko bidean dauden enpresa berdinak dira funtsetarako proiektuak aurkeztuko dituztenak».

Datuak orotara

Guztira, Next Generation UE programak onartutako zenbatekoa 750.000 milioi eurokoa da. Onuradun nagusiak Italia eta espainiar Estatua izatea aurreikusten da, Europar Batasunean pandemiak bortitzen kolpatutako herrialdeak izan baitira.

Guztira, Mediterraneoko bi herrialde hauek gutxi gora behera funtsen %20 jasoko dutela kalkulatzen da. 

Hego Euskal Herriko funtsak

2021-2026 bitartean, funtsetako 6.400 eta 1.534 milioi euro jasotzea espero dute Lakuak eta Maria Chiviteren Gobernuak, hurrenez hurren.

Kapitalari Planto-k iradokitzen duena da, fiskalitatea aldatuko balitz, ez genukeela europar funtsetako dirurik beharko: «Gure fiskalitatea Europako batezbestekoaren pare jarriko balute, EAEn 5.976 milioi euro gehiago jasoko lituzke EAEk, eta Nafarroak, berriz, 2.005 milioi euro gehiago».

Europan kapitalaren errendimenduaren gaineko zergaren tributazio tasak %20-26 bitartekoak dira. Hego Euskal Herriko BPGaren presio fiskala, aldiz, 8,5 puntu txikiagoa da, estatistika konparatiboaren arabera.