Ion Salgado

Shesak aurrera jarraitzen du Armentia-2 gas putzuaren lizentzia eskuratzeko helegitearekin

EH Bilduk salatu du Lakuako Gobernuaren jarrera, izan ere Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak gasa esploratzen jarraitzea «zentzurik ez» duela dioen bitartean, Shesak aurrera jarraitzen du aurkeztu duen helegitearekin putzuaren lizentzia eskuratzeko.

Subilla Gasteizen dagoen putzuaren argazkia. (Raúl BOGAJO/FOKU)
Subilla Gasteizen dagoen putzuaren argazkia. (Raúl BOGAJO/FOKU)

EH Bilduk salatu duenez, Lakuako Gobernuak, Shesaren bitartez, aurrera jarraitzen du Armentia-2 gas putzuaren jarduera lizentzia ukatzeagatik Gasteizko Udalaren aurka jarritako administrazioarekiko helegitearekin. Talde subiranistarean esanetan, hala ziurtatu du Udal Aholkularitza Juridikoko arduradunak.

Ohar batean EH Bilduk gogoratu duenez, Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea onartu ostean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak esan zuen «zentzurik ez» duela lurpean gasa esploratzen jarraitzeak, «baina, egia esan, EAJk, SHESAren bidez, ez du amore eman».

«Gauza bat esan eta kontrakoa egiten dute. Esaten zuten ez zutela aurrera jarraituko gasaren esplorazioarekin eta, hala ere, aurrera jarraitzen dute helegitearekin. EAJren enegarren engainua da, eta beste behin ere bere obsesio gasistikoak inposatu nahi dizkio arabarren borondateari», adierazi du Amancay Villalba EH BIlduko zinegotziak.

«Nahiz eta Tapiak promesak egin, egun Gasteizko Udalak beste lehentasun batzuetara bideratu beharko lituzkeen denbora eta baliabide propioak gai honetarako kontsumitzen jarraitzen du», gaineratu du.

Ekainaren 9an, EH Bilduk Shesak aurkeztutako errekurtsoa aztertzeko eskatu zien alkateari eta Udal Aholkularitza Juridikoari. «Baina, bai Urtaranek bai Aholkularitza Juridikoak ukatu diote udal talde honi aipatutako dokumentua ikustea», azaldu dute, eta «gardentasun falta» salatu. Hurrengo Klimaren aldeko Ekintza Batzordera gaia eramango duela iragarri du.