Arnaitz Gorriti

Aitor Uriondo izango da Gipuzkoa Basketen kirol zuzendari berria

Talde donostiarra sortu zenean, 2001/02 denboraldian, bera izan zen aurreneko entrenatzailea LEB 2 Ligan. Harrezkero hainbat taldetan aritu da entrenatzaile lanetan, gizonekin zein emakumeekin. Horrez gain, Axular Lizeoa ikastolaren zuzendaria da eta hainbat hedabidetan kolaboratu du.

Hogei urteren buruan, Aitor Uriondo Gipuzkoa Basketen entrenatzaile aulkitik bulegoetara pasa da. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Hogei urteren buruan, Aitor Uriondo Gipuzkoa Basketen entrenatzaile aulkitik bulegoetara pasa da. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Aitor Uriondo Usandizaga (Donostia, 1972) Gipuzkoa Basketek bere historian izan zuen aurreneko entrenatzailea klub gipuzkoarrera itzuliko da, baina entrenatzailearen aulkitik, bulegora. Izan ere, kirol zuzendari kargua izango baitu, hala izendatu baitu Nacho Nuñezek gidatzen duen zuzendaritzak.

Saskibaloiko goi mailako entrenatzailea da Uriondo, gorputz-hezkuntzako irakaslea eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduatua. Gaur egun, Donostiako Axular Lizeoa ikastolaren zuzendaria da.

Hiru hamarkada baino gehiago daramatza Gipuzkoako saskibaloian sartuta donostiarrak, baita pertsonen heziketarekin eta kudeaketarekin ere.

Gipuzkoa Basket taldearen historiako lehen entrenatzailea izan zen 2001/02 denboraldian LEB2 Ligan. Aipagarria da, halaber, EBA taldeko entrenatzaile gisa egindako lana: Askatuak, Atletico San Ssebastian eta Iraurgi taldeetan, gizonei dagokienez eta Emakumeen Ligan, berriz, Hondarribia-Irun –mailarik gorenean gipuzkoarrekin– eta Araski taldeetan ere.

Heziketari dagokionez, bi urtez egon zen ACBko Pamesa Valencia harrobian jokalarien prestatzaile eta aholkulari lanetan. Prigioni Campuseko zuzendaria izan zen zazpi urtez. Saskikasiko presidentea ere bada eta hainbat hedabidetan kolaboratzaile eta komentario lanetan ere jardun du.