NAIZ

Aroztak-ek jasotako isunak «herri baten aurka» doazenez, herri gisa erantzunen dute

Aroztegia gelditzearen aldeko mugimenduari 20.000 euro eskatzen dizkiote guztira isun eta kalte ordainetan, Aroztak taldeak jakinarazi duenez. «Kanpaina errepresibo honekin gezur borobilez beteriko kontakizuna zabaldu nahi badute ere, ez dute lortuko», ziurtatu du.

Aroztak taldeak prentsaurrekoa eman zuen ostiralean azkenaldian jasandako «errepresio ekonomikoa» salatzeko. (AROZTAK)
Aroztak taldeak prentsaurrekoa eman zuen ostiralean azkenaldian jasandako «errepresio ekonomikoa» salatzeko. (AROZTAK)

Azken asteetan, «herria eta ingurua defendatzeagatik», Aroztegia gelditzearen aldeko mugimenduko hainbat kidek jasandako «errepresioa» salatu du Aroztak taldeak. Manifestazio arrakastatsuaren biharamunean, Aroztegiko proiektuaren kontrako hamar ekintzaileren inputazioaren berri izan zuten. Eta ondoko asteetan bertze 25 lagunek jaso zituzten isun administratiboak. Erran dutenez, guztira 20.000 euro eskatzen dizkiete isun eta kalte ordainetan.

Ostiralean emandako prentsaurrekoan azaldu zutenez, «lurra etengabe erasotzen eta herri lurrak herriari kentzen dabiltzan horiek, kalte material eta psikologikoak eragitea» leporatzen diete. «Jokabide hau ez da berria eta ez gaitu harritzen, Palacio de Arozteguia S.L bezalako espekulatzaileen zein beren zerbitzura dauden instituzioen errepresio mota guztiak ezagutzen baititugu», adierazi zuten.

«Mundu zabalean lurra eta jatorrizko herrien aldeko ekintzaileek pairatzen duten errepresioaren bertze adibide bat bertzerik ez da gurea. Gurean, zehazki, errepresio ekonomikoa gauzatu dute. `Garai berriak´ deitzen dituzten hauetan modu zaharrak dira nagusi.

«Zer da indarkeria?»

«Bortxaz eta inposizioz gure herria eta kultura desagerrarazi nahi duten horiek, indarkeria erabiltzea leporatzen digute», erantsi zuten Aroztak herri ekimeneko lagunek. Eta indarkeria zer den galdetu zuten: «Lurra defendatzea edo herriko nekazariei beren lurrak ebastea? Edo 400 urteko haritzak moztea? Edo herriak eta kulturak suntsitzea? Edo metrailetak eskuetan dituzten Guardia Zibilekin herria okupatzea?».

Aroztegia makroproiektuak hotela, golf zelaia eta 225 luxuzko etxebizitza egitea planteatzen du 350 biztanle inguru dituen Lekarozko herrian. Bitartean, Baztango etxeen %36 hutsik daude edo bigarren etxebizitzak dira.

«Kanpaina errepresibo honekin gezur borobilez beteriko kontakizuna zabaldu nahi badute ere, ez dute lortuko», nabarmendu zuten. Isun eta salaketa masibo hau «izen-abizen zehatz batzuekin lotu nahi» duten arren, argi dute «herri oso baten kontrako erasoa» dela. Beraz, «gaurko zein etorkizuneko erantzuna bera izanen da. Herri gisa erasotzen gaituztenean, herri gisa erantzunen dugu».

Helburua duten Aroztegiko «proiektu espekulatzailea» gelditzeko lanetan jarraituko dutela azpimarratu zuten. «Ez gaituzte isilduko eta ez gaituzte geldiaraziko».