Jon Ormazabal

Lezamak eta Amurriok irabazi dituzte Bizkaia eta Arabako eskuzko aurtengo Herriartekoak

Bi kasuetan hirugarren partidak, nagusienak, erabakigarriak izan dira eta Txorierrikoek azkoz gehiago sufritu behar izan dute 21-19ko kontrako emaitza bati buelta eman baitiote Hormaetxe eta Bilbaok.

Lezamako taldekideak txapelak buruan dituztela. (Iñigo URIZ/FOKU)
Lezamako taldekideak txapelak buruan dituztela. (Iñigo URIZ/FOKU)

Lezama eta Amurrio dira, hurrenez hurren, Bizkaia eta Arabako eskuzko Herriarteko txapeldun berriak, gaur goizean jokatutako finaletan Markina-Xemein eta Laudiori 2-1eko emaitzaz irabazita. Bi kasuetan txapelak nagusien partidan erabaki dira, hori bai, Aiaraldeako derbian amurrioarek asko gutxiago sufritu behar izan dute lezamarrek baino finalak euren aldera eramateko.

Lehen bi partidak aurretik nahikoa erabakita zeudela jakinda, Bizkaiko finalari ezin emozio gehiagorik eskatu eta lezamarrek azken-azkeneraino borrokatu behar izan dute kontrako 21-19ko emaitza bati buelta eman eta txapela Txorierrira eramateko.

Espero bezala, kadeteetan garaipena Lezamaren eskuetara joan da. Uriarte eta Busket faborito garbiak ziren eta atzelariak, azken aldian partida asko jokatuta, eskuak puntu-puntuan ez zituen arren, erraz, 22-10, nagusitu zaizkie Egurrola-Calvori.

Are argiagoa, kasu honetan markinarren alde, izan da jubeniletako garaipena. Anartz Ibarloza eta Egurrolak ez diete inolako aukerarik eman Iruretagoiena-Zarragari eta 22-3 nagusitu dira kolore bakarreko partidan.

Eta partida erabakigarriak, nagusienetakoak, aurreko biek izan ez duten emozioa izan du. Ordu bete pasako lehia orekatu batean, Hormaetxe aurrelariak egindako bi hutsek garaipena eta txapela Markinatik oso gertu ipini ditu Josu Agirreamalloa eta Aimar Ibarloza 21-19 aurreratuz. Lea Artibaiko bikoteak, ordea, ezin izan du partida itxi eta amaiera agoniazko amaiera batean Hormaetxe eta Bilbaok eraman dute garaipena 22-21, txapelak Lezamarako bidean jarriz.

 

Leku aldaketa

Urtero bezala, egoera onena ez izan arren, Arabako txapelak Araba Euskaraz jaiaren baitan banatu dira eta Aiaraldeako derbia Laudion bertan jokatu da, nahiz eta hasi eta buka bi frontoi desberdinetan egin den finala. Hasi aire librean dagoen Lamuzako parkean hasi da, baina lehen partida hamabosna zela euria hasi eta Aretako frontoi estalian amaitu da finala.

Eta partidei dagokionez, esan genezake, finala Bizkaikoaren alderantzizkoa izan dela esan genezake, lehen bi partidak oso-oso orekatuak izan direlako, biak 22-21 amaitu dira eta azkenekoan Amurriok erraz xamar lortu baitu txapelak eman dizkion garaipena (22-12).

Lehen partidan, kadeteetan, zorte apur bat lagun, Diaz-Pikatza amurrioarrak 22-21 nagusitu dira Reinaldo-Moya laudioarren aurka. Zalantzak izan dituzte Laudioko prestatzaileek, Arkaitz Eskuza atzelaria jubeniletan edo nagusien mailan sartu, baina lehen partida hori galduta, nahiago izan dute azken partidarako gorde eta estrategia ez zaie erabat ondo irten.

Jubeniletan, Sanchez-Urkijok, arazo askorekin izan bada ere, finala berdintzea lortu dute Amurrioko Arauzo-Salazarri tanto bakarraren aldeaz irabazita, baina nagusien mailan Landaluze-Iriarte erraz antzean gailendu zaizkie Alonso-Eskuzari (22-12) txapelak amurrioarren buru gainera eramanaz.

Oiartzun-Azpeitia Gipuzkoan

Gipuzkoari dagokionean, Azpeitia eta Oiartzun izango dira datorren larunbatean Idiazabalen jokatuko diren finalean arituko diren bi taldeak. Asko sufrituta eta tantoen aldeari esker, Azpeitiarrek duela bi urteko finalaren arantza atera zuten Astigarragaren aurka finalerdietan eta oiartzuarrek, aldiz, aukerarik ez zioten eman Alegiari sei partidetan gailenduz.

Parte hartu behar zuten zortzi taldetatik zazpik araudian egindako aldaketa batekin ados ez zeudenez, Nafarroako Federazioak bertan behera utzi du bertako aurtengo txapelketa.