Andoni Arabaolaza

Maria Ordoñezek lehen urratsa egin du Bertikalen Espainiako Kopan

Korrikalari nafarrak irabazi du Fedmek antolatutako erregulartasunaren zirkuituaren lehen hitzordua. Beste bi euskal garaipen izan dira: Aitor Ugarte, juniorretan, eta Karlos Ugarte, kadeteetan.

Bertikalen Espainiako Kopak lehen proba izan zuen atzo. Fedmek antolatutako lehiaketa honen lehen egoitza Roquetes-eko Kilometro Bertikala (Tarragona) izan da. 137 korrikalari bildu ziren irteera puntuan. Lehiakideak gogo handiz ziren trail munduko modalitate honetan nor baino nor aritzeko, baina, hasi baino lehen, minutu bateko isilunea egin zuten Emma Rocaren omenez. Gogora dezagun Roca izan zela Espainiako Estatuan mendi lasterketen zein mendi eskien lehiak gehien bultzatu zuen protagonistetariko bat.

Roqueteseko ibilbideari dagokionez, aurreratu behar dugu seniorrek 5,5 kilometroko eta 1.150 metroko goranzko desnibela dituen proposamenari aurre egin behar izan ziotela. Caro izeneko tontorrean zuten helmuga; hots, Tarragonako Ports-eko Natur Parkeko gailur garaienean.

Lasterkariek ezohiko eguraldia izan zuten; izan ere, euria eta hotza egin zien. Euskal ordezkarien lanei dagokienez, oro har, esan dezakegu emaitza onak erdietsi zituztela. Denera, hiru garaipen. Maria Ordoñez seniorretan nagusitu zen, eta Aitor Ugarte eta Karlos Ugarte juniorretan eta kadetetan, hurrenez hurren.

Lehia ikusgarriak

Aurreratu dugun bezala, lehen euskal garaipena nagusien mailan iritsi zen. Ordoñez nafarrak ibilbide gogor hori egin ahal izateko ordubete eta lau minutu behar izan zituen. Ez zuen estutasun handirik izan Bertikalen Espainiako Koparen lehen proba irabazteko; izan ere, bigarren sailkatuari, Silvia Larari, minutu bateko aldea atera zion. Top-10ean beste bi korrikalari nafar sailkatu ziren: Uxue Morolas seigarren postuan, eta Rebeca Mariño hamargarrenean.

Mutiletan, berriz, ez zen podiumik izan. Iñigo Alzola lehen euskal korrikalaria izan zen; seigarren postuan sailkatu zen irabazlearengandik ia bi minutura. Alberto Gamero, 53:40 denborarekin, lehena izan zen Caro tontorrean zegoen helmugan. Mikel Beunzak, berriz, ezin zian zuen duela bi urteko garaipena sinatu, eta zortzigarren postuarekin behar izan zuen konformatu.

Bestalde, juniorren lasterketan, Aitor Ugarte izan zen azkarrena 3,6 kilometroko ibilbidean. Ugartek erakutsi du trailean oso sasoiko dagoela, eta bigarren sailkatuari, Pol Codina katalanari, bost minutuko aldea atera zion. Ibai Ormaetxeak meritu handiko laugarren postua lortu zuen. Eta kadeteen kategorian, azkenik, 2,2 kilometroko ibilbidean Karlos Ugartek irabazi zuen