NAIZ

Guggenheimeko garbitzaileen grebarako eskubidearen urraketa salatu du ELAk

ELAk salaketa jarri du Lan Ikuskaritzan Guggenheim Museoaren, Bilboko Udalaren eta Ferrovial eta Andamabi enpresen aurka, museo horretako garbitzaileen greba eskubidea «sistematikoki urratzeagatik».

Guggenheim Museoko garbitzaileen protesta. (ELA)
Guggenheim Museoko garbitzaileen protesta. (ELA)

ELAk Guggenheim Museoko garbitzaileen greba eskubidearen urraketa «sistematikoa» salatu du Lan Ikuskaritzan. Museoaren, Bilboko Udalaren eta Ferrovial eta Andamebi enpresen aurkako salaketa da.

Ohar batean sindikatuak azaldu duenez, «Guggenheim Museoko garbitzaileen kolektiboa greban dago ekainaren 11tik, lan baldintza eta soldata duinen alde eta sektore osoko garbitzaileek kale-garbiketako kolektiboarekin alderatuta pairatzen duten soldata arrakalaren aurka».

Baina pasa den astean, langileen greba eskubidearen «hainbat urraketa» izan ziren: «Alde batetik, garbiketa zerbitzua egikaritzen duen kontratak –Ferrovial– lan guztia berrantolatu du grebarik egiten ez duten langile gutxi batzuen artean, eta lanaldiak handitu dizkie, greba ikusezin bihurtzeko ahaleginean».

«Bestalde, Bilboko Udalak bere menpe dauden kale garbitzaileei agindu die greban dauden langileek garbitu beharko zituzketen guneak garbitzeko. Gogorarazi beharra dago, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea Museoaren Patronatuko eta Batzorde Exekutiboko kide dela», adierazi du, eta, sindikatuaren esanetan, Andamabik, museoko cateringa kudeatzen duen enpresak, «langileei orain arte egiten ez zituzten garbiketa lanak egitea agindu die, museoak bere instalazioetan antolatzen dituen gala dotoreak normaltasunez eman asmoz»

«Eser daitezela»

«Bistan denez, garbikuntzako langile grebalariak ez datoz bat Museoak eta Udalak kanpora begira eman nahi duten luxuaren eta dotoreziaren irudiarekin», kritikatu du ELAk, «auzi honetan parte-hartzea duten eragile guztiei» mahi batean eser daitezela exijitu dien sindikuak, greban dauden langileen eskaerak entzuteko.

Halaber, eskatu die «izan daitezela eredu, berdintasuna ez baita soilik agerraldi publikoetan efektu mediatikoz erabili beharreko kontzeptua».

«Foru Aldundiak Urdaibain Guggenheim Museo berri bat diru publikoz finantzatzearen onurez hitz egiten digun egun hauetan, herriak jakin behar du zein baldintza miserabletan lan egiten duten Museoko azpikontratatutako kolektiboek, bien bitartean prekarietatea baino ezkutatzen ez duen turismo-eredu batera diru-kopuru izugarriak bideratuz», gaineratu du.