Andoni Arabaolaza

Himalaiakoa ez bezala, Karakorumeko denboraldia askoz ere orekatugoa izango da

Pakistango mendilerro horretan soilik bertako agentziek lan egingo dute. Chogorin edo K2 mendian ohiko bidea ekipatzeko Stephan Keck eta Jordi Tosas alpinista atzerritarren laguntza izango dute. Ian Westeld eta Graham Zimmerman, estilo alpinoan, K2aren mendebaldeko ertza eskalatzen saiatuko dira.

Dagoeneko, Karakorumeko udako denboraldiak ateak ireki ditu. Eta, beste urte batzuetan ez bezala, beste aurpegi bat erakutsiko du. Mendilerro horren zortzimilakoek zein Nanga Parbatek (Pakistanen dago, baina Himalaian kokatuta) batez ere mendizale atzerritarren bisitak jasoko dituzte. Baina ez du alderik izango Himalaian montzoi aurreko edo udaberriko denboraldiarekin gertatu denarekin. Eta zer esanik ez, Everesten ikusi dugunarekin.

Hitz gutxitan esanda, hasi berri den denboraldi honek azpimarratzekoak diren hainbat arlo erakutsiko dizkigu: estilo arinaren aldeko apustua handiagoa izango da, mendi eta bide zailak aukeratu dituzte, zortzimilakoak bertako langileek ekipatuko dituzte eta ez da espedizio erraldoirik izango.

Honetan guztian, covid-19ak “erru” handia du. Udaberrian Nepalen izan zen kutsatze kopuru izugarria kontuan hartuta, Pakistanek, adibidez, nepaldarrei herrialdean sartzea debekatu die. Erabakia jaso bezain laster, Pakistanen lanean jarduten duten agentzia nepaldar guztiek bertan behera utzi dituzte aldez aurretik antolatutako espedizio komertzial guztiak. Beraz, Seven Summit Treks, Elite Expedition eta Imagine Nepal bezalako agentzia handiek “huts” egingo dute.

Alabaina, Islamabadeko agintariek neurri hori pixka bat arindu eta langile nepaldarrak jasotzea baimendu du. Horretarako txertaketa-agiria aurkeztu behar dute, eta PCR proba zein hamar eguneko koarentena egin.

Inolako zalantzarik gabe, egoera hau Pakistango agentzientzat “laguntza” izugarria izango da; izan ere, etxean bertan lan egiten badute ere, eskuarki kanpoko agentziak dira protagonismo nagusia izaten dutenak. Jakina, Pakistango eta Nepalgo agentzien zein langileen artean dagoen aldea oso-handia da. Nepalgo agentziek, alpinistek eta langileek pare bat hamarraldi formakuntza ikastaroetan murgilduta dauden bitartean, Pakistanekoen eskarmentua askoz ere txikiagoa da.

Baina denboraldi honetan aukera ezin hobea izango dute lan gehiago egiteko eta beraien gaitasunak erakusteko. Mirza Alik zuzentzen duen Karakorum Expedition agentziak, adibidez, Chogori edo K2 mendiaren (8.611 m) ohiko bidea ekipatzeko ardura hartu du. Lan horietarako, gainera, bi alpinista atzerritarren laguntza izango dute: Stephan Keck eta Jordi Tosasena. 

Bide batez, Tosasek NAIZi adierazi dionez, Baltistan eskualdeko langile horiek aukera ederra izango dute ikasitakoa erakusteko: «Garaieran handian bikain moldatzen dira, baina alpinismoaren tekniken inguruan oraindik asko ikasi behar dute. Gure betebeharra formakuntza horretan lagungarri izatea da. Langile hauek espedizioen beharra sentitzen dute, negozio bat besterik ez delako. Baina, esan dudan bezala, gauza asko ikasteke dute».

Aliren agentziak K2rako antolatutako espedizioak ez du zer ikusirik izango duela pare bat hilabete Everesten ikusi dugunarekin. Soilik 12 bezero eta 24 langile izango ditu. Bezeroen artean bat aipatu nahiko genuke: Rick Allen. Alpinista eskoziar beterano honek Sandy Allanekin batera 2013. urtean Nanga Parbat mendiaren Mazeno ertza oso-osorik eskalatzen lehena bihurtu zen. Bi eskoziar horiek Urrezko Pioletaren saria jaso zuten. Espero genuen bezala, Allenek aurreratu du oxigeno artifiziala ez duela erabiliko.

Mendebaldeko ertza

Ian Westeld kanadarrak eta Graham Zimmerman estatubatuarrak Chogoriren bide historiko hori hautatu dute. Marra hori hiru igoera besterik ez ditu; hain zuzen ere, 80.ko eta 90.ko hamarkadetan lortutakoak. Bi protagonistek, ordea, igoera horri beste kutsu bat eman nahi diote; hots, estilo alpinoan eskalatzen saiatuko dira.

Ikuspuntu emozional batetik aztertzen badugu, Sajid Sadpararen espedizioari tartea egin behar diogu. Haren aita Ali Sadpararen bila irtengo da, eta espedizio hori berak zuzenduko du. Gogora dezagun joan de neguan Juan Pablo Mohr txiletarra eta John Snorri islandiarrarekin batera munduko bigarren mendi garaienean desagertu zela. Sajid Sadpara haiekin zegoen, baina oxigeno botilarekin izaniko arazo batzuengatik atzera egin eta kanpaleku nagusira onik iritsi zen. Aitaren gorpua bilatzeko lanetan jardungo du, baita garbiketa lanetan ere. Hau da, K2ren ohiko bidean dauden soka zaharrak eta zaborra bildu eta kanpaleku nagusira jaitsi nahi ditu. 

Gutxi izango dira K2 mendia oxigeno artifiziala erabili gabe ekinaldiak egingo dituztenak. Hauek guztiak, gainera, Broad Peak mendian girora egokituko dira. Eta horregatik guztiagatik, mendizale bat baino gehiago bi zortzimilako horiek “lotzen” saiatuko dira. Besteak beste, Sophie Lenaerts, Steff Maginelle eta Jeff Spelmans belgikarrak.

Nanga Parbat

Ia sinestezina bada ere, Himalaian dagoen Pakistango mendi horrek uda honetan espedizio bakarra jaso du. Bai, dagoeneko talde hori mendiaren magaletan dago. Andaluziako alpinistez osatutakoa da. Zortzimilakoetan eskarmentu handia duen Manuel Gonzalezek espedizio hori zuzenduko du, eta harekin Enrique Osiel, Iñigo Delgado, Sergio Carrascoso eta Carlos Santafe daude. 

Kanpaleku nagusia Diamir isurialdean altxatu dute; izan ere, andaluziarrek Kinshofer edo ohiko bideari aldarea bat bilatzea dute xede: «Bide horrek gaur egun arrisku objektibo asko ditu, eta, beraz, arriskutsua bihurtu da. Guk alternatiba seguruago bat bilatzen saiatuko gara. Horretarako, Diama glaziarra zeharkatu eta ezker aldera joko dugu. Sektore horretan ibilbide ez hain zuzena eta luzeagoa aztertu dugu. Baina arrisku horietatik at”. 

Txikiagoak ere

Amaitzeko, aurreratu behar dugu mendi txikiagoetan (seimilakoetan zein zazpimilakoetan) mugimendu handia izango dela. Jaso ditugun helburu guztiak teknikoak dira, eta apustu horiek egin dituztenak lehen lerroko alpinistak dira. 

Nahiz eta isilik mantendu nahi duten, hedabide espezializatu guztiek diote Yannick Graziani, Patrck Wagnon eta Helias Millerioux frantziarrek Shispare mendiaren (7.611 m) oinarrian kanpaleku nagusia altxatu dutela. Zazpimilako horrek hiru igoera jaso ditu.

Bien bitartean, Nancy Hansen eta Ralf Dujmovits Biacherdi mendira (6.810 m) abiatu dira. Chogolisa eta Masherbrum mendien artean dagoen seimilako hori igo gabe dago. Eta azken bat aipatuko dugu. Jerome Sullivan, Victor Saucede, Jeremy Stagnetto eta Martin Eliasek osatutako laukoteak K13 edo  Dansam mendiaren (6.666 m) lehen igoera erdietsi nahi du.