NAIZ

1936tik Galdakaon izandako giza eskubide urraketak aztertuko ditu Aranzadik

Galdakaoko Udalak Aranzadi Zientzia Elkartearekin akordioa egin du, 1936. urtetik gaur egun arte herrian izan diren giza eskubideen urraketen inguruko azterketa egiteko. Herritarren laguntza eskatu dute.

Galdakaoko Udalak eta Aranzadik akordio sinatu dute 1936tik Galdakaon izandako giza eskubide urraketak aztertzeko. (GALDAKAOKO UDALA)
Galdakaoko Udalak eta Aranzadik akordio sinatu dute 1936tik Galdakaon izandako giza eskubide urraketak aztertzeko. (GALDAKAOKO UDALA)

1936tik gaur egun arte Galdakaon izandako giza eskubide urraketak aztertzeko akordioa egin dute Udal bizkaitarrak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak. Udaleko talde guztien babesa jaso du ekimenak, eta guztiek hartu dute parte ikerketaren nondik norakoak azaltzeko agerraldian.

«Galdakaon hainbat gertaera traumatiko eta tragedia izan dira; bortizkeria mota desberdinak eta larriak», adierazi du Iñigo Hernando alkateak (EH Bildu) akordioaren zergatiaren berri emateko.

Azaldu duenez, giza eskubideen urraketa horiek guztiak batzea da akordioaren helburua, gertatu dena ezagutu eta jasota geratu dadin. Erradiografia hori egin eta egia ezagutzeko lan horretan bi urtetan arituko da Aranzadi, dokumentazioa aztertu eta testigantzak batzen.

Hori ikerketa historikoaren bidez egingo dutela azaldu du Javi Buces Aranzadiko kideak. Batetik, artxiboetan arakatuko dute: tokiko artxiboetan, probintzialetan, estataletan eta militarretan, besteak beste, eta Aranzadiko profesionalek egingo dute lan hori.

Lekukotzak

Lekukotzak dira ikerketaren beste lan-ildoa, eta horretan egin du indar Bucesek: «Proiektu hau ondo atera dadin, herritarren laguntza behar dugu». Izan ere, testigantzak ezinbestekoak dira, eta, 1936. urtetik gaur eguna arte giza eskubideen urraketak jasan dituztenei euren esperientzia kontatzeko eskatu die.

«Orain jasotzen ez dena ez da etorkizunean existituko», azpimarratu du Bucesek. Lan horretan konfidentzialtasuna oinarrizkoa izango dela ziurtatu du, eta hala eskatzen duen edonoren anonimotasuna zorrotz errespetatuko dela. «Orain garrantzitsuena informazioa eta herritarren testigantzak biltzea da, berandu baino lehen.

Bilketa hori errazteko, memoriaren bulego bat zabalduko du Udalak irailean. Hilabetez egongo da martxan hasiera batean, astean egun batean edo bitan. Horrez gain, lanak iraungo duen bi urteetan martxan egongo dira helbide elektroniko bat eta telefono zenbaki bat, lekukotzak jasotzeari begira: memoria@aranzadi.eus eta 943 466 142.