Jon Ormazabal

Beñat Garmendiak igandean jokatuko du bere azken partida Asperekin

Atzelari beasaindarrak 24 urte ditu eta bi eta erdi baino ez ditu egin profesionaletan, azken urtean, gainera, Promozio mailako Binakako finala jokatu zuen Elordirekin.

Beñat Garmendiak bi urte eta erdi baino ez ditu egin profesionaletan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Beñat Garmendiak bi urte eta erdi baino ez ditu egin profesionaletan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Frontoietan nolabaiteko normaltasuna gertuago dagoen arren, enpresek euren egiturak egoera berrira moldatzen jarraitzen dute eta pasa den igandean Bilbon Pedro Ruiz errioxarraren agurra eman bazen, igande honetan Beñat Garmendia izango da Asperekin bere profesionaletako azken partida jokatuko duena. Donostiako Atano III.ean izango da, Victor lagun duela, Alberdi-Larunberen aurka.

24 urte baino ez ditu atzelari goierritarrak eta bi urte eta erdi baino jokatu ez dituela etorri zaio profesionalei agur esateko ordua. Azkenaldian lortutako emaitza onek ere ez diote balio izan bere kontratua luzatzeko, gogoratu beharra dago eta aurten bertan Promozio mailako Binakako finala jokatu zuela, Aitor Elordi lagun, bere agurren arerio izango duen Alberdi eta Salaverriren aurka 22-11 galduta.

Beasaindarraren agurraren ostean, Aspek 19 pilotariko –9 atzelari– taldea baino ez du izango, aspaldiko txikiena, duela bi aste Victor fitxatu bazuen ere, azken hilabeteetan Erik Jakak, Pedro Ruizek eta Beñat Garmendiak utziko baitute Eibarko enpresa.

Larunbateko jaialdia, Leitzara

Enpresek, asteburu honetatik aurrera, pilotalekuetara publikoa sartzea onartu ostean –gaur bertan jarri dituzte sarrerak salgai internet bidez– aldaketak izan dira karteldegian. Hala, larunbaterako Nafarroako Lau eta Erdiko bi partida –Bengoetxea VI.a/Asier Agirre eta Laso/ Peña II.a– Larrabetzun zeuden iragarrita, baina azkenean Leitzako Amazabalen jokatuko dira. Ostiraleko jaialdia Amezketan izango da eta igandekoa Donostiako Atano III.ean.