NAIZ
GASTEIZ

Gazteek bizi duten «larrialdi egoera» salatzeagatik 8 lagun auzipetu izana gaitzetsi du Ernaik

Maiatzaren 7an Ernaik egin zituen mobiliazioetan parte hartu zuten zortzi lagun deklaratzera deitu dituztela salatzeko eta haiei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin du gazte antolakundeak Gasteizen, Durangon eta Portugaleten. 

Zortzi auziperatuei elkartasuna adierazteko Ernaik elkarretaratzea egin du Gasteizen. (Raul BOGAJO/FOKU)
Zortzi auziperatuei elkartasuna adierazteko Ernaik elkarretaratzea egin du Gasteizen. (Raul BOGAJO/FOKU)

Gasteizko Tornay Medikuaren plazan eginiko elkarretaratzearekin –Durangon eta Portugaleten ere egin dituzte–, Ernaik elkartasuna eta babesa adierazi die maiatzaren 7ko mobilizazio egunean parte hartzeagatik auziperatu eta deklaratzera deitu dituzten zortzi lagunei. 

Haietako gehienek, zehaztu dutenez, ostegun honetan bertan deklaratu beharko dute. 

Elkarretaratzean nabarmendu dutenez, «Hego Euskal Herriko 3 gaztetik 1 langabezian gaude, emantzipazioa merkatu kapitalistaren interesen mesedetara dagoen bitartean, psikologikoki hondoratzen ari den belaunaldia bilakatzen ari gara. Miseriara kondenatu nahi gaituzte».

Egoera horretan, geratzen zaien «bide bakarra» bizi duten «larrialdi egoera» salatzea dela adierazi dute. «Gaur, atzo egin bezala, gure miseriaren arduradun politikoei gazteon bizitzen aldeko neurriak hartzea exijitzen diegu», gaineratu dute.

Eraldaketa nahi hori plazaratzeko deitu zituzten, hain zuzen, maiatzaren 7ko mobilizazioak eta, esan dutenez, «lehen eskutik jaso genuen PNVk herri honetako gazte konpromentituontzat daukan eskaintza: 8 atxilotu eta 65 zauritu». «Ez zen kasualitatea izan –adierazi dute–. Patronalak markatutako bideorriari jarraiki gobernatzen duen alderdi batentzat ez baita atsegina haren kudeaketa negargarriaren ondorioak azaleraztea, eta are gutxiago prekarietateari aurre egiten dion belaunaldi baten amorrua sentiaraztea».

«Eragile politiko gisa jarduten duen» Ertzaintzak Tubacex edo ITPko langileen zein ostalarien aurka ere indarkeria erabili izan duela gogoratu dute: «Teleberrian ikusiko ez dugun arren, misio oso argia zeukaten eta daukate: kapitalaren gainetik bizitza duina aldarrikatzen duen langile eta herri sektore oro apaltzea».

Nolanahi ere, mezu argi bat plazaratu dute amaitzeko: «Datorrenaren aurrean ez dugu ihes egingo, antolakuntza eta borrokaren bitartez egingo diogu aurre geure etorkizun ezari. Ez baitago galtzeko ezer duen belaunaldi bat geldituko duenik. Pausoz pauso, eraldaketa soziala eta burujabetzaren bidetik, biharko Euskal Herria euskaldun, sozialista eta feminista eraikitzen jarraituko dugulako».