NAIZ

Londresek baztertu egin du Eskozian beste erreferendum bat egitea 2024ko hauteskundeen aurretik

Boris Johnson lehen ministro britainiarrak ez du baimenik emango Eskozian independentziari buruzko beste erreferendum bat egiteko 2024an egitekoak diren hauteskunde orokorren aurretik, Michael Gove Kabineteko ministroak adierazi duenez.

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa. (Jeff J Mitchell/AFP)
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa. (Jeff J Mitchell/AFP)

Michael Gove britainiar Kabineteko ministroak –Lehendakaritzako ministroaren pareko kargua da– ‘The Daily Telegraph’ egunkariari eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez, Boris Johnson lehen ministroak ez du baimenik emango Eskozian independentziari buruzko beste erreferendum bat egiteko 2024rako aurreikusita dauden hauteskunde orokorren aurretik.

Nicola Sturgeon eskoziar lehen ministroaren asmoa da Holyroodeko Legebiltzarrean lege bat onartzea legealdi honetan bertan bigarren erreferenduma egin ahal izateko, behin koronabirusak eragindako osasun krisia gainditu ondoren.

Gove ministroarentzat, ordea, «ausartegia eta zentzugabea» izango litzateke beste galdeketa bat egitea herrialdea pandemiatik atera nahian dabilela.

«Uste dut ergela dela orain erreferendum bati buruz hitz egitea, covid-aren krisitik errekuperatzen ari garenean», adierazi du Eskoziarekin harremanak kudeatzen dituen agintariak.

Erreferenduma egiteko Gobernu britainiarraren baimenik ez badu lortzen, Eskoziako Alderdi Nazionalistaren (SNP) aukeretako bat da baimenik gabe ere independentziari buruzko galdeketa deitzea, baina oraindik ez du behin-betiko erabakia hartu.

Nicola Sturgeonek argi utzi du galdeketa hori antolatu nahi duela, baina betiere koronabirusak sortutako krisia gainditu ondoren. Konpromisoa hartu zuen erreferenduma antolatzeko eta 2023ko urte amaiera jarri zuen epe gisa, behin pandemia gaindituta.