Haritz Larrañaga

Sokoa altzari enpresako zuzendaritzaren «diskurtso bikoitza» salatu du LAB sindikatuak

Hendaiako Sokoa altzari enpresako «zuzendaritzak duen diskurtso bikoitza» salatu eta soldata politikan duen jarrera gaitzetsi du LAB sindikatuak. Ekainaren 26ko akziodunen biltzarrean izango dira langileak haien mezua zabaltzeko.

LABeko kideek Hendaian eskaini dute prensaturrekoa. (NAIZ)
LABeko kideek Hendaian eskaini dute prensaturrekoa. (NAIZ)

LAB sindikatuak Sokoa altzari enpresako zuzendaritzaren diskurtsoa salatu du eta soldata politikan urratsik ez dela eman jakinarazi du Hendaian eskaini duen prentsaurrekoan. Ekainaren 26an izango den akziodunen biltzar nagusiari begira bere proposamenak azaldu nahi ditu sindikatu abertzaleak eta akziodunekin egoteko bilkuran izango direla iragarri dute.

Administrazio Kontseiluko presidenteak kontrakoa dioen arren, «eragile guztien interesen arteko oreka justuago bat eman dadin» eskatzen dutela nabarmendu dute LABeko ordezkariek eta deitoratu dutenez, «akziodunen interesen eta soldata politikaren ateko oreka nola hautsi den eta okertu den ikusarazi nahi» dute.
Egun 250 langile dituen Hendaiako lantokiak 1.000 akzionista inguru ditu eta akziodunen biltzarra datorren ekainaren 26an burutuko da. Horren aurrean, Sokoako Komite Sozial eta Ekonomikoaren (KSE) izenean erresoluzio bat ezartzeko asmoa dute langileek, Biltzar Nagusian bozkatua izan dadin.

Soldata politika izoztua

LABek jakinarazi duenez, azken urtean lehen aldiz soldatak izoztuak dira, nahiz eta irabaziak izan diren. Osasun krisia zela eta salbuespeneko neurriak ezarri zituen enpresako zuzendaritzak eta, besteak beste, 2020. urtean lehen aldiz ez zen soldata emendakinik izan.

Administrazio Kontseiluko presidenteak «Sokoako soldata aurreratua» dela dioen arren, «Sokoako oinarrizko soldataren bataz besteko garbia 1.608 eurokoa da eta Pirinio Atlantikoetako biztanleek bataz beste 2.163 euro irabazten dituzte», ohartarazi dute LABeko ordezkariek.

Zuzendaritzaren diskurtso bikoitza

Sindikatu abertzaleko kideen iritziz «jasanezina eta onartezina» da «zuzendaritzak duen diskurtso bikoitza» eta hori azaleratzeko hainbat adibide jarri dituzte. «Dibidenduen banaketa justifikatzeko gure altxortegian deusetarako balio ez duten lau milioi ditugula dio Administrazio Kontseiluko presidenteak, baina aldi berean, langileei, behin eta berriz esan digute osasun krisia dela eta gastu guztiak atxiki behar direla eta etorkizuna ez dutela garbi ikusten», nabarmendu dute LABeko bozeramaileek.

Lan eritasun eta lan istripuei dagokienean beste hainbeste: «Administrazio Kontseiluko presidenteak dio laneko eritasun eta lan istripuei dagozkien absentziak behera egin dutela, baina errealitateak besterik dio», gaitzetsi du LABek. Izan ere, datuen arabera, 2001. urtean absentzia %1,77koa zen eta ordutik gorantz baino ez du egin, egun %8,55era iritsi delarik.

Diskurtso bikoitza azaleratzeko LABek jarri duen beste adibidea politika sozialei dagokiena da. Administrazio Kontseiluak politika sozial «aurreratua» ikusten duen lekuan, atzera pausuak egiaztatzen dituzte langileek, eta horren adierazgarri eberriki epaitegi desberdinek enpresari ezarritako zenbait zigor ekarri dituzte gogora. «Besteak beste, sindikatu diskriminazioagatik, arrazoirik gabeko kaleratze batengatik, edota lan kodea zein hitzarmen kolektiboa nahiz hartutako engaiamenduak ez errespetatzeagatik», zehaztu dute sindikalistek.