NAIZ

Urdazubiko Alkerdi harrobiaren proiektua baztertzeko eskatu dute ondarea babesteko

Nafarroako Gobernuari Urdazubi udalerrian kokatzen den harrobiaren proiektua gelditzeko eskatu dio SOS Alkerdi taldeak. Izan ere, Alkerdin 3.000 metroko galeria duen kobazuloa eta 23.000 urte dituzten margoak daude eta harrobiaren proiektuak arriskuan jartzen dituela nabarmendu dute.

Alkerdi lezea, Nafarroako ondasun preziatuenetako bat arriskuan dago harrobiaren proiektuarengatik. (SATORRAK TALDEA)
Alkerdi lezea, Nafarroako ondasun preziatuenetako bat arriskuan dago harrobiaren proiektuarengatik. (SATORRAK TALDEA)

Ekainaren 24an akituko da Nafarroako Gobernuaren Industria, Energia eta Proiektuen Zuzendaritzak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen Alkerdi harrobiaren Leheneratze Planari helegiteak egiteko epea. Harrobiak Urdazubiko Alkerdi izen bereko auzoan jardun zuen lanean 2016ra arte, urte horretan harrobiaren eremuko lur azpian dagoen leze eta galeria sare konplexuan aurkitu baitzen Nafarroako historiaurreko arkeologia altxor preziatuenetako bat, SOS Alkerdi plataformak gogoratu duenez.

Oraindik neurri handian aztertu gabe dauden 3000 metro baino gehiagoko galeria horietan labar-grabatu asko eta 23.000 urte inguru dituzten margoak aurkitu dituzte. Hauek dira Nafarroan orain arte ezagutzen diren labar-artearen aztarna bakarrak. Harrobia zenaren hedadura osoa hartzen duen eremu arkeologikoa Kultura-Intereseko Ondasuna deklaratu zuen Nafarroako Gobernuak 2016ko urrian, ondare arkeologikoari eragin ziezaiokeen edozein jarduera ordutik aurrera debekatuz.

«Nafarroako Garapen Ekonomikorako Departamentuak argitaratu duen ‘leheneratze’ proiektua harribitxi kultural horren iraupenaren kontrako eraso zuzena da. Harrobiaren leheneratze aitzakiaz, egiatan bilatzen dena ia eremu osoa beste hondeaketen lur eta harri zabortegi bihurtzea da. Betelanak sei urtez luzatuko lirateke eta 50.000 metro kubo erauzte-materialaz bete ondoren, lur-begetalaz eta landareez estaltzea aurreikusten dute», nabarmentzen du SOS Alkerdik.

«Arduragabekeria»

«Arduragabekeria deritzogu Garapen Ekonomikorako Departamentuak Kultura Departamentuaren jarraibide teknikoak hain modu nabarmen eta arriskutsuan ukatzen dituen proiektu baten argitaratzeari. Gogorarazi nahi dugu Kultura Departamentuari dagokiola KIOn egin nahi den edozein jarduera edo erabileraren onarpena, Babesteko Plan Berezirik ez dagoen bitartean», gaineratu du.

«Garapen Ekonomikorako Departamentuak, enpresa sustatzaileari leheneratze plana erretiratzea eskatu behar izan zion argitaratu aurretik, oso modu zakarrean urratzen baititu eremu arkeologikoaren babeserako oinarrizkoen arauak. Egin ez duenez, hasieratik akastuna den prozedura aurrera eraman ordez erretiratu behar du lehen baino lehen. Beste aldetik, garrantzitsuena ondasun arkeologikoaren babesa izanik, adierazi behar da ere bota nahi diren milaka tonen erauzte-materialen azpian geratuko liratekeen sailen artean harrobiko dekantazio-putzua legokeela. Erauzte lanik gabeko urte batzuen ondoren, baltsa naturalizatu egin da zabortegiak lurperatuko lukeen sahats eta haltzen basoz inguraturik. Hezeguneak, hau bezala jatorri artifizialekoa izanik ere, gehienetan bioaniztasunaren kontserbaziorako leku pribilegiatu izaten dira. Kasu honetan, gainera, hezegunearen inguruko haltzadiak balio ekologiko handia du», erantsi du SOS Alkerdik.

Horregatik, Nafarroako Gobernuaren Garapen Ekonomikoaren Departamentuari «lehenaratze» proiektua berehala baztertzeko eskatu dio SOS Alkerdik. Honez gain, Kultura eta Ingurumen Departamenduekin koordinatzeko eskatu dio ondarea babesteko.