NAIZ

Ehun mugimenduak Donostian kale bat eman dio Saharari ekintza sinboliko baten bitartez

Ehun Euskal Errepublikaren aldeko mugimenduak omenaldia egin die Sahara Mendebaldean gauzatzen ari diren borrokei ekintza sinboliko baten bidez, Saharar Errepublika izendapena emanez Donostiako Alfonso XIII.a plazari.

Ehun Euskal Errepublikaren aldeko mugimenduak omenaldia egin die Sahara Mendebaldean gauzatzen ari diren borrokei ekintza sinboliko baten bidez, Saharar Errepublika izendapena emanez Donostiako kale bati. Antigua auzoko Alfonso XIII.aren plazako plaka estali egin dute bere gainean Sahararen omenezkoa jarrita, ekintzaren berri emateko zabaldu duten bideoan ikus daitekeenez.

Saharar errepublikari kale bat emanez Fronte Polisarioak Mendebaldeko Sahararen okupazioaren aurrean mantentzen duen «erresistentzia eta borrokari» aitortza egin nahi izan diote eta herri horren autodeterminaziorako eskubidearen aldeko jarrera berretsi ere, Ehunek prentsara igorritako ohar batean azaldu duenez.

Horrekin batera, alderdi politiko desberdinei eta Lakuako Gobernuari haien egitekoak bete ditzaten eskatu diete, Mendebaldeko Sahararen nazioarteko legeztapena defendatzeko eta saharar herriaren erresistentziarako eskubidearen alde egin dezaten, Estatu espainiarrari galdeginez bere ardurak bete ditzan Ekialdeko Sahararen agintari administratiboa den aldetik. Galdegin dute, baita ere, aitor dezatela Fronte Polisarioa Nazio Batuetan saharar herriaren ordezkari bakar gisa.

Ekintza honen bidez, Ehunek Alfonso XIII.aren plazak Euskal Herriarentzat eta Sahararentzat ordezkatzen duen «iragan iluna» gogorarazi nahi izan du, «kaleak 78ko erregimenak inposatutako izena baitakar, kolonialismoa, inposizioa eta errepresioa adierazten duena», agertu dutenez.

Era berean, aipatu dute ekintza hau Saharako ordezkariekin hartutako konpromiso baten barruan kokatzen dela, EusKal Herria eta Mendebaldeko Sahararen arteko borrokak bateratzeko ituarekin.