Asier Aiestaran

Lasok, bere itzulerako partidan, eta Agirrek egin dute aurrera Nafarroako Lau eta Erdikoan

Bederatzi hilabetez profesionaletatik kanpo egon arren, Unai Lasok maila aparta eman du bere itzulerako neurketan. Jon Ander Peña 22-17 menderatu du Leitzan eta Urrutikoetxea izango du hurrengo aurkari. Beste kanporaketan Asier Agirrek 11-22 irabazi du Bengoetxearen aurka.

Unai Lasok bikain jokatu du Leitzan (Idoia ZABALETA / FOKU)
Unai Lasok bikain jokatu du Leitzan (Idoia ZABALETA / FOKU)

Unai Laso, bere itzulerako partidan, eta Asier Agirre sailkatu dira Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketaren hurrengo fasera gaur Leitzan jokatutako kanporaketetan. Lasok 22-17 menderatu du Jon Ander Peña, eta Mikel Urrutikoetxearen aurka neurtuko ditu indarrak datorren ostiralean Mallabian. Hain zuzen ere, dema horretako irabazleak Agirre izango du zain, Oinatz Bengoetxeari 11-22 nagusitu baitzaio iruindarra.

Bederatzi hilabetez profesionaletatik kanpo egon arren, maila apartean itzuli da Unai Laso gorengo mailara. Jakina zen afizionatuetan ederki jokatzen ari zela, baina ikusteko zegoen nola erantzungo zuen gaurkoa bezalako hitzordu garrantzitsu batean, eta nafarrak bikain erantzun du.

Hasieratik pilota oso bizi mugitu du, eta ezkerrarekin batez ere min handia egin dio Peñari. Joko horri esker 6-1 aurreratu da markagailuan eta Peña dantzan ibili du behin eta berriz.

Harmailetan jarraitzaileen animo faltarik gabe, Lasok agintzen jarraitu du denbora luzez (8-3, 9-4), baina partida erdialdera Jon Ander Peña gerturatzen hasi zaio. Tolosarrak min handia egin dio sakez (bost tanto) eta bere ezkerra agertu ahala neurketa asko parekatu eta gogortu da.

Hasierako 0-1ekoa izan ezik, markagailuan beti atzetik joan da gipuzkoarra, baina azkenean 14-15ekoan lortu du berriz aurrea hartzea, zabalean bolea eder bat sartuz. Eta gauzak zer izaten diren, txapara alde egin dion pilota batek berriz ere ekimena Lasori eman dio eta zazpi tanto jarraian eginez 21-15era joan da.

Tarte horretan jokaldi arraro bat ere izan da, agian Peña partidatik apur bat atera duena. Epaileak atxiki adierazi dio tolosarrari 17-15ekoan bolea bat zabalean jo duenean. Bai bera eta bai ikusle guztiak harrituta geratu dira, eta kosta egin zaio egoerari buelta ematea. Lasok ongi baliatu du erabakia eta azkenean 22-17 irabazi du.

«Banekien partida oso gogorra izango zela, eta halaxe izan da. Tanto batzuk ikaragarri gogorrak izan dira eta nekatu egin naiz, baina ongi eutsi diot, tanto garrantzitsu batzuetan bera baino pilotakada bat gehiago jotzeko gai izan naiz, eta oso pozik nago garaipena lortu dudalako», adierazi du Unai Lasok neurketaren amaieran.

Pilotakadak: 237. Partidaren iraupena: 49 minutu. Markagailua: 0-1, 6-1, 6-3, 8-3, 8-4, 9-4, 9-8, 12-8, 12-12, 14-12, 14-15, 21-15, 21-17 eta 22-17. Sakez: 2 Lasok eta 5 Peña II.ak. Jokoan eginak: 13 Lasok eta 9 Peña II.ak. Galdutakoak: 3 Lasok eta 7 Peña II.ak. Gertaerak: Leitzako Amazabal pilotalekua, harmaila beteta. Jon Mariezkurrena izan zen Unai Lasoren botileroa eta Jose Luis aita Peñarena. Lehen sakea, gorri.

Oinatzek behera bigarren zatian

Arratsaldeko beste norgehiagoka ere bizia eta gogorra izan da, nahiz eta azken emaitzak kontrakorik pentsarazi dezakeen. Asier Agirrek bigarren zatian erabaki du Oinatz Bengoetxearen aurkako partida. Bi pilotariek pilota motz-motzean ibili dute, tanto oso biziak jokatu dituzte lehen erdian, eta Oinatzek garesti ordaindu du hartutako tratua bigarren zatian.

Aurreneko tantoak oso parekatuak izan dira. Sakearekin mina egiten hasi dira biak eta berdinketak izan dira 2-2, 4-4, 5-5 eta 6-6an. Baina Agirre izan da tanto bizi horietan fruitu gehien lortu duena eta berea izan da lehen abantaila aipagarria: 6-11.

Oinatzek, bere herritarren aurrean, ez zion partidari ihes egiten utzi nahi eta gogotik saiatu da markagailua parekatzen. Sakea berreskuratu eta asko arriskatuz 11-12ra gerturatu da leitzarra.

Erdialde horretan, ordea, tanto gogor batzuk jokatu dituzte eta gehienak Agirreren alde erori dira, hein handi batean iruindarrak sekulako defentsa erakutsi duelako. Neke horrek, fisikoak eta seguruenik sikologikoak ere bai, nabarmen erasan dio Oinatzi eta bigarren erdian ez da partidarik egon: Agirre zuzenean joan da 11-12tik 11-22ra hamar tanto jarraian eginda.

«Oso gogorra izan da. Une batean bete egin naiz eta atsedenean kanpora irten behar izan dut arnasa hartzera. Baina bera ere nekatuta egongo zen eta azkenean uste baino alde handiagoarekin irabazi dut», onartu du Agirrek.

Pilotakadak: 198. Partidaren iraupena: 47 minutu. Markagailua: 0-1, 2-1, 2-4, 5-4, 5-5, 6-5, 6-11, 8-11, 8-12, 11-12 eta 11-22. Sakez: 2 Bengoetxea VI.ak eta 4 Agirrek. Jokoan eginak: 6 Bengoetxea VI.ak eta 13 Agirrek. Galdutakoak: 5 Bengoetxea VI.ak eta 3 Agirrek. Gertaerak: Leitzako Amazabal pilotalekua, harmaila beteta. Asier Garcia izan zen Oinatz Bengoetxearen botileroa eta Aitor Alduntzin Agirrerena. Lehen sakea, gorri.