Asier Aiestaran

Altuna eta Ezkurdia asko sufrituta sailkatu dira Aspeko finalera Nafarroako kaiolan

Amezketarra 6-15 galtzen egon da Iker Salaberriaren aurka, baina garaiz zuzendu da 22-19 irabazten amaitzeko. Arbiazuarra, aldiz, 13-3 irabazten hasi da Peio Etxeberriaren kontra, baina azkenean lan asko egin behar izan du 22-15 nagusitzeko. Sopelan jokatuko dute datorren larunbatean.

Altuna, pilota astintzen Salaberria alboan duela (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Altuna, pilota astintzen Salaberria alboan duela (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia izango dira aurten ere Aspeko adarraren bi finalistak Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketan. Faborito argiak izan arren, biei kosta egin zaie final horretarako sailkapena lortzea, nahiz eta bizi izan dituzten egoerak desberdinak izan.

Jokin Altunari dagokionez, ikaragarri sufritu behar izan du Iker Salaberria menderatzeko. Denbora luzez kantxa osoko buruz burukoan entrenatzen ibili ondoren, amezketarrari asko kostatu zaio kaiolako neurrietara egokitzea eta neurketaren lehen zatian oso deseroso jokatu du.

Iker Salaberria, aldiz, lotsagabe irten da kantxara eta sakearekin asko asmatuz markagailuan aurrea hartzea lortu du hasieratik. Abantaila horrek are eta ausartago jokatzera eraman du goizuetarra eta, zer galdurik gabe, 6-15 aurreratu da markagailuan, aspaldiko partez frontoietan berriz ere entzuten diren apostuak bere alde ipintzeraino.

Altuna ezinean ibili da ordura arte, normalean galtzen ez dituen pilotak galduz, ohikoak ez dituen akatsak eginez –6-12an saketik egin duen falta, esaterako– eta bere buruarekin haserre.

Baina pentsatzekoa zen moduan, apur bat lasaitu eta bere jokoa egiten hasi denean egoera errotik aldatu da. Sakearekin konfiantza apur bat hartu duenean min egiten hasi da eta sake-errematean tanto asko egin ditu neurketaren bigarren zatian.

Bi takada luzerekin –sei tanto jarraian lehenik 6-15etik 12-15era hurbiltzeko eta beste zortzi gero 12-16tik 20-16 agintzera pasatuz– partidari buelta eman dio amezketarrak eta ordura arteko amesgaiztoei amaiera ipini die.

Salaberria, beti bezala adoretsu amaierara arte, saiatu da azken ekinaldi bat egiten, 20-19 gerturatuz, baina ez du lortu aurkaria mendean hartzea eta azkenean 22-19 nagusitu da Altuna III.a.

«Banekien asko kostako zitzaidala gaur irabaztea. Gehien kostatzen den aldaketa da kantxa osotik lau eta erdira pasatzea. Sakea eta errestoa erabat desberdinak dira eta hasieran asko nabaritu dut hori, ez dudalako entrenamendu bakar bat ere egin. Baina zorionez lortu dut nire jokoa garaiz aurkitzea eta pozik nago garaipenarekin. Ez partidaren lehen zatian egindako jokoarekin, baina bai irabaztea lortu dudalako», aztertu du amaieran amezketarrak.

Pilotakadak: 233. Partidaren iraupena: 59 minutu eta 40 segundo. Markagailua: 2-0, 2-6, 5-6, 5-11, 6-11, 6-15, 12-15, 12-16, 20-16, 20-19 eta 22-19. Sakez: 1 Altuna III.ak (eta falta bat) eta 3 Salaberriak. Jokoan eginak: 15 Altuna III.ak eta 13 Salaberriak. Galdutakoak: 2 Altuna III.ak eta 6 Salaberriak. Gertaerak: Donostiako Atano III.a pilotalekua. 300 bat ikusle. Gorka Altuna lehengusua izan zen Jokin Altunaren botilleroa eta Angel aita Iker Salaberriarena. Lehen sakea, gorri.

Ezkurdia, alderantziz

Beste kanporaketan Joseba Ezkurdia izan da lan asko egin behar izan duena Peio Etxeberria menderatzeko. Eta ez zuen ematen hala izango zenik arbizuarra markagailuan 13-3 aurreratu denean. Lehen zati horretan Josebari dena ongi atera zaio eta Peio Etxeberria oso oker ibili da, pilota asko galduz.

Zorte txarra ere izan du zenoztarrak tanto askotan, jokaldi eta erremate onak egin arren pilota txapara joan zaiolako behin baino gehiagotan. Adibide moduan, aipagarria da bera bezalako errematatzaile bat jokoan tantorik egin gabe zegoela 11-3kora arte.

Hortik aurrera, ordea, askoz zuzenago aritu da Etxeberria eta ikuskizunak asko irabazi du. Apurka-apurka emaitza estutzen joan da eta seguruenik Ezkurdiaren garaipena arriskuan egon ez den arren, emozio apur bat izan du neurketak 16-12 edo 18-14koan.

Peio Etxeberriak tanto ederrak sinatu ditu eta defentsan ere lan oso ona egin du bigarren zatian. Azkenean Ezkurdiak 22-15 irabazi du baina gutxienez beste sentsazio batekin joan da etxera galtzailea.

«Hasieran bera oso deseroso ibili da eta nik ongi baliatu dut abantaila hartzeko, eta eskerrak horri. Baina arriskua ikusten nuen, ni ere ez nintzelako erabat eroso ari eta bera fisikoki oso ongi prestatuta dagoelako. Zorionez lortu dut irabaztea eta pozik nago berriz ere Altunaren aurka jokatzeko aukera izango dudalako. Azken bi urteetan ezin izan diot irabazi torneo honetan baina seinale ona da niretzat urtero hor goian egotea», esan du Joseba Ezkurdiak amaieran.

Pilotakadak: 261. Partidaren iraupena: 53 minutu eta 10 segundo. Markagailua: 3-0, 3-1, 6-1, 6-2, 11-2, 11-3, 13-3, 13-5, 14-5, 14-8, 16-8, 16-12, 17-12, 17-13, 18-13, 18-14, 20-14, 20-15 eta 22-15. Sakez: 3 Ezkurdiak eta 2 P. Etxeberriak. Jokoan eginak: 8 Ezkurdiak eta 10 P. Etxeberriak. Galdutakoak: 3 Ezkurdiak eta 11 P. Etxeberriak. Gertaerak: Atano III.a pilotalekua. Mattin anaia izan zen Ezkurdiaren botilleroa eta Paco Caballero Etxeberriarena. Lehen sakea, gorri.