Jon Ormazabal

Nafarroa Arenak emakumezkoen lehen pilota jaialdia hartuko du larunbatean

Amaia Aldai eta Naroa Agirrek Laia Salsamendi-Olatz Ruiz de Larramendiren aurka jokatuko dute Nafarroako Foru Komunitateko pilota mistoko nagusien finala. Sarrera debalde dela, 960 ikuslek sartu ahal izango dute frontoira.

Larunbateko finala gaur aurkeztu dute Nafarroa Arenan bertan. (EMC)
Larunbateko finala gaur aurkeztu dute Nafarroa Arenan bertan. (EMC)

Euskal Herriko pilotalekurik handiena den Navarra Arenak berriz zabalduko ditu bere ateak larunbat honetan eta historian lehen aldiz emakumezkoen esku pilota jaialdi bat hartuko du bere baitan. Nafarroako Foru Komunitateko Txapelketaren eskuzko pilota mistoko finalak jokatuko dira bertan, gazteen eta eliteen mailan.

Txapelketak arrakasta izan du orain arte eta zenbaitetan frontoietako ateak itxi behar izan dira osasun protokoloak betetzeko. Hasiera batean, ez da arazo hori izango larunbat honetan, baina bertaratu nahi duten pilotazaleek Nafarroa Arenako web orrialdean edo leihatilan bertan lortu beharko dute euren sarrera, osasun sailak ezarritako 960 ikusleren muga bete arte. Gainera, partidak ETB-1eko lehen katetik emango dira zuzenean.

Laia Salsamendiren lehen final handia

Eliteen kategorian, ikusmin handia dago horrelako partida batean Laia Salsamendi gaztea nola moldatzen den ikusteko, 14 urterekin txapelketa bikaina egin baitu Isabakoak. Uharteko Pelotazale taldean hazitako aurrelariak, bere adinari ez dagokion kalitatea eta tenplea erakutsi ditu, eta Olatz Ruiz de Larramendi izango du alboan, zirkuituko eskuin indartsuenaren jabea.

Nafarrek Amaia Aldai bizkaitarra eta Naroa Agirre gipuzkoarra izango dituzte aurrean, horrelako partidetan eskarmentu handiagoa duten pilotariak, ofiziozko bikotea osatzen dutenak eta berme asko ematen dituztenak, gutxi oparitzen dutenak eta irabazi beharrekoak.

Gazteen finalarekin hasiko da jaialdia, eta etorkizuneko izarrek oinarri gisa egiten ari diren lan handia erakusteko erakusleiho ederra izango da. Gaurko aurkezpenean Miguel Pozueta, Nafarroako Kirol Insititutuaren zuzendaria, Alicia León, Laboral Kutxaren ordezkaria, Nafarroako Pilota Federazioko Jesús Mari Porron eta Abel Barriola, Nafarroako Foru Komunitatearen I Torneo honetako enbaxadorea izan dira pilotariei babesa eskaini eta pilotazaleak frontoira gerturatzeko animatuz.