Jon Ormazabal

Ibai Zabalak iragarri du bere azken partida Zornotzan jokatuko duela, uztailaren 17an

Hurrengo egunetan emango dute argitzera jaialdia zein partidek osatuko duten eta non erosi ahal izango diren sarrerak.

Lagunez inguratuta esango du agur Ibai Zabalak (BAIKOPILOTA)
Lagunez inguratuta esango du agur Ibai Zabalak (BAIKOPILOTA)

Baikorekin duen kontratua abuztuaren 2an amaitzen bazaio ere, gaur bere sare sozialen bidez jakinarazi duenez, bi aste lehenago, uztailaren 17an, larunbatez, jokatuko du Ibai Zabalak bere profesionaletako azken partida Zornotzan. Oraingoz enpresak ez du gaiaren inguruko inolako informaziorik eskaini eta hortaz, jaialdiaren kartela eta sarreren ingurukoen berri jakiteko egun batzuk itxaron beharko da. Hori bai, egun horren aurretik, gutxienez beste partida bat jokatuko du Berrizeko atzelariak, larunbat honetan Sopelan iragarria baitago, Zubizarreta lagun duela, Elordi eta Oier Etxebarriaren aurka.

Elorrion egin zuen debuta Asegarcerekin Ibai Zabalak 2008ko maiatzaren 23an, agurrerako ere etxetik gertuko pilotaleku bat nahi zuen berriztarrak eta azkenean Zornotzan izango da zuriz jantzitako bere azken partida hori. Hori dela eta, eskerrak eman nahi izan dizkie pilotariak bai bertako udalari eta «batez ere, bertan zinegotzi lanetan dabilen Iñaki Izari, berari esker sortu baitzait aukera hau». Bi atzelariek 9 urte eman zituzten elkarrekin Asegarcen.

Eta Ibai Zabalaren agurreko partida horrek ere izango du bere bitxikeria egun horren inguruan, uztailaren 17a izan baitzen Asegarcek bere lehen jaialdia antolatu zuen eguna, orain dela 29 urte, Zornotzako pilotalekuan bertan. Egun hartako kartela honakoa izan zen; Bengoetxea IV-Salvidea 18 /Ariznabarreta- Maiz II 22 eta Vergara II-Errandonea 22 /Alustiza - Arretxe 15