Idoia Eraso

Azterketak euskaraz aldarrikatzeko 1.500 pertsona baino gehiago bildu dira Donapaleun

Donapaleuko karrikak zeharkatu dituen manifestazioan 1.500 pertsona baino gehiago bildu dira ostegun arratsalde honetan, azterketa ofizialak osorik euskaraz egitearen alde. Brebeta euskaraz egiteko eskubidearen alde hiru egunez herriko kolegioa okupatu eta gero bukaera jendetsua izan da martxa.

Ikasleak, protestaren lehen lerroan Donapaleun. (GUILLAUME FAUVEAU)
Ikasleak, protestaren lehen lerroan Donapaleun. (GUILLAUME FAUVEAU)

Ostegun arratsalde honetan 1.000 pertsona baino gehiago elkartu dira Donapaleuko karriketan azterketa ofizialak euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzeko. Brebeta euskaraz osorik egin ahal izatea eskatzeko Donapaleuko kolegioaren aitzinaldea okupatu zuten asteartean Seaskako kideek eta euskaltzaleek, eta horri bukaera jendetsua eman dio Ipar Euskal Herri osotik bildu den jendeak.

Seaskak dauzkan lau kolegio eta lizeoko ikasleek brebeta eta baxoa euskaraz aldarrikatzeko dituzten kamiseten koloreekin jantzi da Nafarroa Behereko herria.

«Brebeta eta baxoa euskaraz orain» eta «Kasu, kasu ikastolak kexu» oihukatu dute ikasleek, irakasleek, familiek eta beraiek sostengatzera hurbildu diren ehundaka euskaltzaleek herrian zehar eman duten itzulian. Estatu frantsesko Hezkuntza Ministroari ere zuzendu zaizkie: «Blanquer kanpora, azterketak euskaraz».

Manifestazioaren amaieran Seaskako Bernart Etxepare lizeoko Xole Fourcade eta Ainara Harotzarene ikasleek, eta beste aukerarik ezean azterketak euskaraz lortzeko borrokatzen jarraituko dutela nabarmendu dute. Ondoren Manex Erdozaintzi-Etxart kolegioko Elorri Falxa irakasleak, brebeta frantsesez zuzendua izanen dela jakinik ere Zientzietako azterketa euskaraz egin dituzten ikasleak eskertu ditu.

Sostengua ematera hurbildu diren hautetsien izenean mintzatu dira ondoren Daniel Olzomendi Euskal Elkargoko presidente ordea eta Izurako auzapeza, eta Xantal Erguy Aiziritzeko auzapeza. «Gobernuaren jakobinismoa gelditzeko eta murgiltze sistema desegitea geldi daitezen» galdegin dute.

Besteren artean, bertan izan dira ere Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidentea, baita LAB, CFDT eta ELBko sindikatuko ordezkariak ere.

Ekintzak euskararen alde

Seaskako ikasleek azterketa ofizialak euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzeko ikasturte bereziki ekintzailea izan da aurtengoa. Baxoa eta brebeta gure hizkuntzan egiteko eskubidea lortzeko Azterketak Euskaraz kolektiboa sortu da, eta honek antolatu du aste honetan Donapaleun ikusi ditugun ekintzak.

Astearte arratsaldean herriko kolegioa okupatu zuten, bertan biltzen baitira Seaskak Larzabalen daukan Manex Erdozaintzi-Etxart kolegioko ikasleek egindako brebeta azterketak, gero zuzentzaileei banatzeko.

Desobedientzia gisara azken urteotan Seaskako ikasleek frantsesez egin behar den Zientzietako ikasgaia euskaraz idazten dute, eta urtero azterketak irakasle euskaldunek zuzendu ez ditzaten Paue edo Bordelera eramaten dituzte. Hezkuntza Akademiak aurten ere horrela izanen zela erran eta gero, Donapaleutik hartu eta Euskal Herritik kanpora eramatea eragozteko okupatu zuten kolegioaren aitzinaldea.

Ostegun goiz honetan, ekintza sinbolikoa egin dute irakasleek. Larzabaleko irakasleek brebeta azterketak Donapaleuko kolegiora eraman aitzin fotokopiatu egin zituzten, eta irakasle euskaldunek zuzendu dituzte.

Protokoloak ezartzen duen bezala, ez dira Manex Erdozaintzi-Etxart kolegioko irakasleak izan zuzentzaileak, beste zentroetako maisu eta maistra euskaldunek zuzendu dituzte. Manifestazioaren ondorengo hitzartzean, zuzentzaileak eskertu dituzte, eta Seaskan lan egiten ez duten irakasleak ere bazirela nabarmendu dute. Azterketak euskaraz lortzea, Ikastolen Federaziotik harago doan aldarrikapena dela aditzera emanez.

Euskaraz egindako azterketak frantsesez zuzenduak izanen direla jakinik, euskaraz zuzendutakoek lortuko luketen notarekin konparatzeko baliogarriak izanen dira.

Giro ona hiru egunez eta bi gauez

Okupazioak iraun duen hiru egun hauetan jende andana bildu da. Okupazioa hasi zen momentuan 200 pertsona bildu ziren, eta geroztik jendea txandakatuz joan da. Programazio osatu batekin, giro ona izan da egun horietan.

Asteazken goizean, Seaskak dauzkan lau kolegioetako irakasleek agerraldi publikoa egin eta gero jendarmeak hurbildu ziren okupazio gunera. Kolegioaren barnean, zentroko zuzendariarekin batera bildu ziren jendarmeak eta Seaskako ordezkariak, azken hauek okupazioaren arrazoiaren berri eman zieten.

Brebeta azterketa ofiziala euskaraz osorik egin ahal izatea aldarrikatzeko ekintza anitz egin dira ikasturte honetan.