NAIZ

Markinako Unian emango zaio hasiera aurtengo zestako World Tourrari larunbatean

Beaskoetxea-Lekerika, iazko txapeldunek, Erkiaga-Aldazabalen aurka jokatuko dute larunbat honetan lehen finalerdia eta Karmen egunean Goikoetxea-Zabala eta Arbe-Lopez izango dira finalerako bigarren txartela bilatuko dutenak.

Markinako Masters Seriesaren kartela. (JAI ALAI NEWS)
Markinako Masters Seriesaren kartela. (JAI ALAI NEWS)

Zirkuitoa, berez, astelehenean aurkeztuko badute ere, Markinako Uniak larunbat honetan emango dio hasiera Hego Euskal Herriko udako zirkuitoari, Gernika Jai Alai enpresak eta Markina-Xemeingo klubak antolatu duten Masters Seriesarekin.

Azken urteetan ohitura den bezala, lehen eta bigarren mailako txapelketak antolatu dituzte, hau da, izarrak alde batetik eta estelarretan euren tokia egin nahi duten gazteak bestetik. Hori bai, egungo izarrik nagusiak diren Goikoetxea eta Lopezen parte hartzea uztailaren 16ko, Karmengo egunerako, finalerdietarako gorde da.

Baina lehen finalerdiak ere baditu erakargarriak izateko osagaiak. Izan ere, iazko txapeldunek, Diego Beaskoetxea eta Unai Lekerikabeaskoa gernikarrek, Aritz Erkiaga eta Ibon Aldazabalen aurka jokatuko dute. Ispasterreko aurrelariak eta Berriatuko atzelariak ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar; umetatik jokatu dute elkarrekin, adin berekoak dira –34 urte– eta aurten bertan elkarrekin bizi izan dira Floridan, nahiz eta lehenak Miamin jokatu eta bigarrenak Danian. Eta biek ere izako arantza kendu nahi izango dute, Beaskoetxea-Lekerikak finaletik kanpo utzi baitzituzten oso alde zuten partidari buelta emanda (8-15; 15-13; 5-1).

Izarrak, Karmeneko egun handirako

Larunbateko irabazleek Karmen egunera arte itxaron beharko dute uztailaren 18ko finalean parean izango dituzten aurkariak nortzuk izango diren jakiteko. Zumaiako bi izar handiek elkarren aurka aritu beharko dute, Markina bertako bi pilotarik lagunduta. Jon Zabala arituko da Goikoetxearekin eta Jokin Arbe aurrelari fina Lopezekin.

Markinako Unian 482 ikuslek izango dute partidak bertatik bertara ikusteko aukera eta sarrerak salgai daude dagoeneko udaletxean eta 688 813 775 telefono zenbakian.