Asier Aiestaran

Unai Lasok erakustaldia emanda menderatu du Urrutikoetxea Nafarroako kaiolan (15-22)

Aurrelari nafarrak bi partida jokatu ditu profesionaletara itzuli zenetik eta bietan sekulako maila eman du. Mallabian 13 tanto izan ditu jokoan eginak, zein baino zein ikusgarriagoak, eta sakez beste bost egin ditu. Agirreren aurka jokatuko du Baikoren finala igandean Amurrion.

Laso, aurreko astean jokatutako partidan (Idoia ZABALETA / FOKU)
Laso, aurreko astean jokatutako partidan (Idoia ZABALETA / FOKU)

Unai Lasok 15-22 menderatu du Mikel Urrutikoetxea Mallabian eta bera izango da igandean Amurrion Asier Agirreren aurka Baikoren adarreko finala jokatuko duena Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketan. Aurrelari nafarrak, aurreko astean Peñaren aurka bezalaxe, partida bikaina jokatu du eta argi utzi du berriz ere bederatzi hilabetez profesionaletatik kanpo egon arren maila bikainean itzuli dela onenen artera.

Laso sekulako erritmoan jokatzen hasi da, hasieratik asko arriskatuz, eta markagailuan 1-5 aurreratu da. Urrikoetxearen tanto bakar hori Lasok txapara bidalitako pilota batean iritsi da eta bereak, denak, erremate bikanetan lortuak izan dira.

Zaratamoko pilotariak atsedena eskatu du, eta ongi etorri zaio, 4-5 hurbildu baita, tartean Lasok sake motzegia egin duela baliatuz –guztira hiru falta egin ditu sakez–. 5-6 ere egon da markagailua, baina orduan Lasoren bigarren partziala iritsi da, kasu honetan sakeari esker lortua. Aurrelari gazteak asko asmatu du lehen jokaldiarekin eta sakez jarraian egindako lau tantorekin 5-13 aurreratu da markagailuan.

Neurketa hautsita geratu dela esan daiteke. Hortik aurrera “Urrutik” tanto on batzuk egin ditu, Lasoren opari batzuk ere egon dira, baina bizkaitarrak ez du benetako aukerarik izan emaitzari buelta emateko. 15-20koa izan da gehien hurbildu den unea, baina Lasok beste bi tanto ikusgarrirekin itxi du hurrengo faserako sailkapena.

«Gogo askorekin etorri naiz. Fresko ikusi naiz kantxan, abiadura eman diot pilotari… Jonek (Mariezkurrena botileroa) asko laguntzen dit burua ez galtzen eta uste dut hilabete hauetan asko ikasi dudala horretan», aipatu du Lasok amaieran.

Urrutikoetxeak, aldiz, onartu du ez dagoela bere unerik onenean. «Ez da arazo fisikoa, fisikoki ongi nago. Arazoa buruan dago. Konfiantza gabe nabil azkenaldian eta ez dut lortzen berreskuratzea. Ea laister lortzen dudan».

FITXA

Pilotakadak: 190. Partidaren iraupena: 48 minutu eta 49 segundo. Markagailua: 1-0, 1-5, 4-5, 4-6, 5-6, 5-13, 7-13, 7-16, 10-16, 10-18, 11-18, 11-19, 12-19, 12-20, 15-20 eta 15-22. Sakez: 1 Urrutikoetxeak (eta 2 falta) eta 5 Lasok (eta 3 falta). Jokoan eginak: 8 Urrutikoetxeak eta 13 Lasok. Galdutakoak: 2 Urrutikoetxeak eta 3 Lasok. Gertaerak: Mallabiako pilotalekua, publikoa harmailetan. Jon Erasun izan da Urrutikoetxearen botileroa eta Jon Mariezkurrena Lasorena. Lehen sakea, gorri.