Jon Ormazabal

Hamar egun nahikoa izan ditu Unai Lasok bere estatusa berreskuratzeko

Pilotari sekulako abiadura emanda, erakustaldia eman du Bizkarretakoak gainditzeko beti deserosoa izaten den Asier Agirreren aurka (6-22) eta Jokin Altunaren aurka arituko da asteazkeneko Nafarroako kaiolako finalean.

Unai Lasok ez dio aukerarik eman Asier Agirreri. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Unai Lasok ez dio aukerarik eman Asier Agirreri. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Azken emaitzei erreparatuta enpresako pilotaririk onena zela erabaki zuen Baikok, oraindik inork ulertu ez dituen arrazoiak medio, Unai Lasori kontratua ez berritu eta profesionaletako ateak ixtea. Bederatzi hilabete beranduago orduko akatsa zuzendu du Bilboko enpresak eta Bizkarreta-Gerendaingo aurrelariak nahikoa izan ditu hamar egun modu txarrean kendu zioten estatusa berreskuratzeko. Momentuz, kirol emaitzei begiratuta, bera da Baikoko pilotaririk onena Nafarroako Lau eta Erdiko txapelketa honetan eta denentzat horren deserosoa izaten den Asier Agirreren aurka emandako erakustaldia ikusita, Jokin Altunak berak ere izango kezkarik asteazkeneko finalera begira.

Kolpeei erantzuteko bi modu nagusi daude, kexaka eta negarrez edo arazoei aurre eginaz eta argi dago Unai Lasok bigarren horri heldu diola, amorrua bideratu eta lehen baino indar handiagoz itzultzeko. Azken hilabeteak afizionatuekin eman ostean, hiru partida jokatu ditu aurrelari nafarrak hamar egunetan eta hiruretan aurkariak baino askoz gehiago izan da. Ostiralean Mikel Urrutikoetxearen aurka nagusitu ostean, fisikoki ere ondo prestatu dela erakutsi du Lasok gaur Amurrion, neke arrastorik ez baitzaio nabaritu.

Baina ororen gainetik, pilotari eman dion abiadura izan da gaur Aiaraldeako frontoian ikusitakotik nabarmendu beharrekoa. Sekulako distirarekin aritu da Unai Laso hasiera-hasieratik eta normalean defentsan horren lan bikaina egin ohi duen Asier Agirre erabat ezinean aritu da gainera etorri zaion erauntsiaren aurrean. Abiaduraz gain, ideiak ere oso argi izan ditu duela bi aste afizionatuetan zen pilotariak eta pilota ezker paretara bikain baztertuz lortu du partidako lehen abantaila handian markagailuan. Kantxaren erdia beti izan da berea eta Agirrek alde batetik bestera korrika ibili behar izan du une oro.

Sakean ere asko asmatu du Unai Lasok eta erasoan ere, oso oldarkor aritu bada ere, partidari erritmo bizi-bizia sartuz, apenas egin du akatsik. 19-5ekoan txapara bidalitako pilota bat izan da partidan egindako bi hutsetatik lehena eta, gauzak horrela, Asier Agirreri ezinezkoa egin zaio aurretik eraman duen zikloiari aurre egitea.

Gainditua izan da Arrotxapeakoa partida guztian zehar eta izan dituen aukera urrietan ere ez du beti behar bezala asmatu eta Laso zoriontzea beste erremediorik ez zaio geratu, handia izan baita Bizkarreta-Gerendaingoak emandako erakustaldia.

FITXA TEKNIKOA:

Asier Agirre: 6

Unai Laso: 22

Pilotakadak: 193. Iraupena: 43,46. Markagailua: 1-0, 1-10, 2-10, 2-11, 4-11, 4-11, 5-11, 5-19, 6-19 eta 6-22. Sakeak: 1 Agirrek eta 5 Lasok. Tantoak: 3 Agirrek eta 11 Lasok. Hutsak: 5 Agirrek eta 2 Lasok. Gorabeherak: Amurrioko udal pilotalekuan jokatutako partida, Alduntzin izan da Asier Agirreren botileroa eta Jon Mariezkurrena Unai Lasorena.