Jon Ormazabal

Jokin Altunaren lehiakortasunak ez du amaierarik (22-17)

Nafarroako Lau eta Erdikoaren bere bosgarren finala jokatuko du, 15-17 aurreratu den Joseba Ezkurdiari lehia estu batean irabazita.

Jokin Altunak neurria hartua dio azkenaldian Joseba Ezkurdiari. (Jon URBE/FOKU)
Jokin Altunak neurria hartua dio azkenaldian Joseba Ezkurdiari. (Jon URBE/FOKU)

Jokin Altunaren lehiakortasuna asegaitza da eta, momentuz ez du atseden hartzeko asmorik. Lehiaketa nagusietako buruz buruko azken lau finaletan egon ostean San Fermin eguneko bere bosgarren finala jokatuko du, egungo txapelduna ere amezketarra da, Joseba Ezkurdiari Sopelan 22-17 irabazita. Gauza ikusgarriak izan diren arren arren, kaiolako hau ez da, agian, beste batzuetakoa bezain ikusgarria izan erasoan, bai, ordea borrokatu eta lehiatua eta hor egungo txapeldunaren lehiakortasuna nagusitu da.

Maila honetako bi aurrelari elkarren aurka aritzen direnean beti esan izan da detaile txikiak izaten direla partida alde batera edo bestera eramaten dutenak, gaur ere jokoan, piloteoan, ez da halako alderik ikusi bataren eta bestearen artean eta sakea, batez ere errestoa, izan da lehia Amezketa aldera eraman duen detaile txiki-handia.

Izan ere, sakatzaile handia izanagatik, tanto bakarra lortu du arbizuarrak hasierako jokaldiarekin eta sei izan dira gipuzkoarrari apuntatutakoak, nahiz eta horietatik lau eramateko modukoak iruditu. Eta hor dago, beste zenbait gauzekin batera, Jokin Altunaren gaur egungo nagusitasunaren giltzetako bat, bera da, gaur egungo koadroko restatzailerik onena eta jokaldi horretan joaten dira, hein handi batean, gaur egungo buruz buruko partidarik gehien gehienak.

Hasieran, kosta

Gainontzean, beroagatik edo, kosta egin zaie bi aurrelariei partidan sartzea, baina hasieratik hartu du partidaren aginte makila Jokin Altunak. Amezketarra gaindi ezinezko oztopo bat egiten ari zaio arbizuarrari azkenaldian eta kateatuta bezala irten da nafarra Sopelako kantxa estura. Hala, markagailuan atzetik eman du partida gehiena, 15-11koan lehiak hausteko itxura hartu duen arte.

Ezkerrez jotako bi paretako ikusgarri batekin, ordea, sakea berreskuratu eta partidako tanto erreskadarik handiena lortu du Ezkurdiak 15-17 aurreratzeraino. Horiexek izan dira nafarraren unerik onenak, baina zailtasunetan zirudien Jokin Altunak ez zuen azken hitza esateko asmorik eta beste tanto ikusgarri batekin erantzun dio, pilota txokoan hilda utzita.

Eta hor amaitu dira Ezkurdiaren aukerak, beste bi sake, sake-erremate bat, arbizuarraren huts pare bat eta epaileek eman duten oso zalantzazko buelta batekin Altunak eraman du garaipena.

 

FITXA TEKNIKOA

Altuna III.a: 22

Ezkurdia: 17

Pilotakadak: 259. Iraupena: 51,35 minutu. Markagailua: 3-0, 3-2, 4-2, 4-3, 7-3, 7-5, 9-5, 9-6, 11-6, 11-9, 13-9, 13-10, 14-10, 14-11, 15-11, 15-17, 22-17. Sakeak: 6 Altuna III.ak eta 1 Ezkurdiak. Tantoak: 9 Altuna III.ak eta 11 Ezkurdiak. Hutsak: 6 Altuna III.ak eta 7 Ezkurdiak. Gorabeherak: 250 ikusle izan dira Sopelako pilotalekuan, sarrera guztiak saldu dira eta izan da kanpoan geratu behar izan duen pilotazalerik ere. Gorka Altuna izan da bere lehengusu Jokinen botileroa eta Mattin Ezkurdia bere anaia Josebarena.