Jon Ormazabal

Jakaren itzulera, Tolosaren debuta eta Lasoren hutsunea izango dira Mastersaren berrikuntzak

Altuna III.a-Aranguren, Olaizola II-Zabaleta, Ezkurdia-Imaz, Jaka-Tolosa, Elezkano II.a-Mariezkurrena II.a, Peña II.a-Rezusta, Peio Etxeberria-Albisu eta Urrutikoetxea-Martija izango dira udaren parte handiena hartuko duen lehiaketa honetan parte hartuko duten bikoteak.

Txapelketaren aurkezpena, Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Txapelketaren aurkezpena, Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Pilota enpresek aurkeztu dute uda ia osoa hartuko duen euren binakako Mastersa, berrikuntzekin datorren lehiaketa. Izenei dagokionean, azken asteak gaixorik egon den Erik Jakaren itzulera, Xabi Tolosaren debuta –baita Peio Etxeberriarena ere– eta Unai Lasoren hutsunea nabarmendu beharko lirateke berrikuntzen artean. Lizartzarraren kasuan, oraindik zalantza txikiren bat izan baduen ere, azken asteetan arazorik gabe entrenatu ahal izan du eta prest ikusten du bere burua Baikorekin jokatu behar duen lehen lehiaketan parte hartzeko. Estreinaldi honetan, Xabi Tolosa gaztea izango du lagun, 2015ean Promozio txapelketa elkarrekin irabazi zuten Tolosaldeako bi lagunek.

Peio Etxeberria ere lehen aldiz arituko da lehen mailako txapelketa batean, Promozio mailako Buruz burukoa eta Sanfermin torneoa irabazi ostean. Baina halako aurkezpenetan daudenek bezainbeste zeresan sortzen dute argazkian agertzen ez direnek eta alde horretatik, harridura sortu du azken egunetan horren maila bikaina eman duen Unai Laso programazioetatik kanpo geratu izana. Jokoarekin egoteaz gain, jendea erakartzeko gaitasuna du Bizkarreta-Gerenandingoak baina enpresak beste kide batzuen aldeko apustua egin du. «Zorte handia dugu pilotari on asko ditugulako, baina buelta asko eman ondoren, Oinatz Bengoetxea, Asier Agirre eta Unai Laso bera kanpoan geratzea erabaki dugu, ez da erabaki erraza izan, baina beste aukera batzuk izango dituzte», azaldu du Unai Iglesiasek gaiaz galdetuta.

Bikote mistoak 

Iazko ereduari jarraiki, biko te mistoen aldeko apustua egin dute enpresek, nahiz eta lehiaketa sisteman izango den aldaketarik; ligaxkan buelta bakarra izango da, lehen bi sailkatuak finalerdietara sailkatuko dira eta hirugarrenetik seigarren postura artean sailkatutakoek play-offa jokatu beharko dute.

Altuna III.a-Aranguren, Olaizola II-Zabaleta, Ezkurdia-Imaz, Jaka-Tolosa, Elezkano II.a-Mariezkurrena II.a, Peña II.a-Rezusta, Peio Etxeberria-Albisu eta Urrutikoetxea-Martija izango dira udaren parte handiena hartuko duen lehiaketa honetan parte hartuko duten bikoteak.

Beste berrikuntza nagusi bat zirkuitoa Gasteizera itzuliko dela izango da. Ogeta eraberrituan jokatuko da, irailaren 19an. txapelketako finala, baina aurretik beste bi jardunaldi ere bertan jokatuko dira, uztailaren 24an eta abuztuaren 7an.

Enpresen asmoa da, Masters hau amaituta, Logroñon Sanmateotako torneo bat ere antolatzea, nahiz eta oraindik goizegi omen den nolako txapelketa izan daitekeen pentsatzen hasteko.