NAIZ

Aitor Zubizarreta: «Etxetik hurbil nagoen lehen aldia da eta ilusioa sortzen dit»

Jokalari azpeitiarra Acunsa Gipuzkoa Basket taldeko azken fitxaketa da eta eguerdian aurkeztu dute Ilunben.

Aitor Zubizarreta Gipuzkoa Basket taldeko jokalari berria.
Aitor Zubizarreta Gipuzkoa Basket taldeko jokalari berria.

Aitor Zubizarretak ilusioa sortzen diola Gipuzkoa Basket taldean jokatzeak onartu du bere aurkezpenean. «Ardura handia eskatzen du aurrean datorren proiektuagatik, etxeko jokalariekin, gipuzkoar jokalariekin, apustu eginez. Ez da erraza izango, baina dibertigarria izango da eta bidean oztopo asko gaindituko ditugu», esan du jokalari azpeitiarrak.

Acunsa Gipuzkoaren proiektu berrian Lolo Encinas eta Aitor Uriondorekin aurkituko da eta gogoratu duenez, «14 urtetatik ezagutzen ditut biak, eta horrek ere beti laguntzen du. Aitorrekin hitz egitean, etortzeko arrazoietako bat Lolo zen».

Azken denboraldietan, Urrezko LEB ligako taldeetan aritu da eta azaldu duen bezala, «rol ezberdinak izan ditut, Palentzian bigarren lerro batean izan naiz, eta Caceresen kasuan, berriz, lider eta erreferente gehiago». «Entrenatzailearen roletara egokitzeko gaitasuna dut. Hurrengo denboraldirako, aurrerapauso bat eman nahi dut, bai lider gisa, bai erasotzaile gisa, eta erregulartasun handiagoa izan», esan du Zubizarretak.

Nabarmendu duenez, etxera itzuliko da, Gipuzkoara urte asko kanpoan igaro ondoren. «18 urterekin etxetik atera nintzen eta hurbil nagoen lehen aldia da. Nire hurbileko jendea partiduak ikustera joan ahal izango da, eta horrek ilusioa sortzen dit».

Raldearen eraketari buruz esan duenez, «transmititzen didaten sentsazioa talde lehiakorra izango dela da, jokalari guztiek nortasun bera izatea eta taldea aurretik jartzea beti norbanakoen gainetik».