Jon Ormazabal

Buzo zuria eranzteko unea heldu zaio Ibai Zabalari

Hamahiru urteko ibilbidea amaitutzat emango du bihar atzelari berriztarrak Zornotzan, Oinatz Bengoetxea lagun.

Ibai Zabalak etapa berri bati ekingo dio bihartik aurrera. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Ibai Zabalak etapa berri bati ekingo dio bihartik aurrera. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Hamahiru urteko ibilbidearen ostean, bihar jantziko ditu azken aldiz bere laneko arropa izan diren praka zuriak Ibai Zabalak. Gerriko eta elastiko gorriarekin uztartuko ditu, agurrerako aukeratu duen Oinatz Bengoetxearekin jokatzeak halako pribilegiotxoak dakartzalako, eta etxetik hurbil egingo du, Zornotzan, pilotak eman dion beste lagun handi bati esker, Iñaki Izari esker, bertan jokatuko baitu bere azken partida Berrizeko atzelariak, Joseba Ezkurdiaren eta Xabi Tolosaren aurka. Eta beste pilotari askoren kasuan bezala, praka zuri horiek sanferminetara joateko baino ez ditu jantziko Zabalak, oso argi baitauka bihar bere bizitzaren zati garrantzitsu bati amaiera emango diola berri bat abiatzeko. «Pilotak beti izango nau laguntzarik behar badu, ez pilota profesionalak. Izan ere, gauza desberdinak dira, nahiz eta jendeari ahaztu».

Lehendabizi afizio eta gero ofizio izan duen pilotaz «apur bat erreta» amaitu du Zabalak, batez ere azkenaldian bizi izandako urte gatazkatsuengatik. Kontua da bere burua «pilotalekuetako langiletzat izanda», taldearen eskubideengatik borrokatu eta aurpegia ematea tokatu zitzaiola orain urtebete inguru eta, noski, horren ondorioak eta «desgastea» ordaintzea egokitu zaiola azkenerako.

Oso eskertuta

Baina, era berean, una latz horietan erakutsitako gizalege eta konpromisoak ordaina ere izan du, eta Zabala oso eskertuta dago bihar Zornotzan izango dituen lagunekin, baita azken asteotan jokatutako partidetan pilotazale anonimoek erakutsi dioten maitasunagatik ere.

«Ni ez naiz pilotari gisa gogoratua izango. Inor ez da akordatuko Ibai Zabala pilotariaz, ez bainaiz inondik inora figura bat izan. Maila apaleko pilotaria izan naiz, baina nire izateko eraz gogoratzen badira eta hori guztia kontuan hartzen badute, txapel baten mailan jarriko dudan zerbait da», azaldu digu, abuztuan “7K” aldizkarian kaleratuko dugun elkarrizketa mamitsuan.

Iker Arretxerekin 2010ean irabazitako Bigarren Mailako txapela izango da bere palmaresean luzituko duen titulu bakarra. Baina egun pilota nola dagoen ikusita, izarra izan gabe profesional gisa hamahiru urte egitea ere bada nahikoa meritu, pilotari espezie bateko azken ordezkaria baita nolabait Zabala.

Garai batean esaten zen bezala, «enpresako» pilotaririk ez da geratuko koadroan aurrerantzean. Momentuz, Oinatz Bengoetxea eta Aimar Olaizola beteranoak geratuko dira, baina bi horiek izandako txapelik eta izar estatusik gabe eutsi dio berriztarrak, aldagelan, entrenamenduetan eta aurpegia eman behar denean eredugarri izaten.

Orain irakaskuntzari eta bere ofizio bihurtutako beste pasio bati, euskarari, ekingo die buru-belarri eta hemen ere ez zaio lanik faltako Ibai Zabalari.