Jon Ormazabal

Zumarragan jokatuko da nafarrik gabeko Euskal Herriko eskuzko Herriartekoa

Legedi berri baten aurka zazpi taldek parte hartzeari uko egin ziotenez, Nafarroako Federazioak bertan behera utzi zuen aurtengo lehiaketa eta Zeanurik, azken txapeldunak, osatuko ditu finalerdiak.

Zeanuri da txapelketako azken txapelduna, Zumarragan bertan jantzi baitzuen 2019ko txapela. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Zeanuri da txapelketako azken txapelduna, Zumarragan bertan jantzi baitzuen 2019ko txapela. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Pandemia egoerak erabat baldintzatutako egutegi batean, Euskal Herriko Herriartekoak lortu du tokitxo bat egitea eta Zumarragan erabakiko da, hurrengo bi aste bukaeretan, aurtengo txapelduna nor izango den. Aurtengo ekitaldia Nafarroako ordezkaritzaren hutsuneak erabat baldintzatua dator, izan ere, legedi berri batekin haserre, parte hartu behar zuten zortzi taldetatik zazpik, –Iruñea-Oberena izan ezik beste guztiek– parte hartzeari muzin egin zioten eta horren ondorioz, Nafarroako Federazioa 2021eko txapelketa bertan behera utzi zuen.

Nafarroako ordezkaritzarik gabe, betiko kopa sistemari eutsi asmoz, Euskadiko Federazioko arduradunek Zeanuri, azken txapelduna, –2019an Zumarragan bertan– gonbidatu dute. Egindako zozketaren ondoren, Gipuzkoako eta Arabako txapeldunek –Azpeitiak eta Amurriok– jokatuko dute lehen finalerdia larunbat honetan goizeko hamaiketan eta Zeanurik –azken txapeldunak– eta Lezamak –Bizkaiko txapeldunak– egun bat geroago bilatuko dute finalerako txartela.

Kanporaketa hauetako bi irabazleek uztailaren 25ean jokatuko dute finala, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Gaurko aurkezpen ekitaldian Federaziotik eta Zumarragako Udaletik pilotazaleei frontoira gerturatzeko gonbidapena luzatu diete, segurtasun neurri guztiak hartuko direla bermatuz.

Bertaratzeko modurik ez dutenek, finala telebistaz ikusi ahal izango dute, ETB-k zuzenean eskainiko du eta.